«Gure eritasunak publikoari eman behar dizkiogu»
Ekhi Lambert Irulegiko musikariak ‘Inbasioak’ diskoa argitaratu zuen martxoan. Bere bigarren lan luzea da, urtebeteko lanaren emaitza. «Zerbait hautsi da menturaz eta lekua utzi dio inbasioari» esan digu Bigarren Kafean.
This browser does not support the audio element.
«Lehen diskoan ez dakigu sobera nor garen eta egiten dugu ateratzen dena, baina uste dut artista aunitzek bigarren diskoarekin denbora hartu nahi izaten dutela». Filosofia horrekin ondu du ‘Inbasioak’ diskoa Ekhi Lambert musikariak; 12 kantaz osatutako lana. «Dimentsio guztiak serioski hartu ditut: hitzak, melodiak, armoniak… lan osoa egin nahi nuen, eta hori egin nahian nahiko isolatua eta fase batzuetan erotua egon naiz» aitortu digu Lambertek.
«Zaila egiten zait bost lagunekin elkartzea astero abestiak sortzeko, beste modu batera egiten dut lan». Hala ere, hainbat musikari izan ditu alboan: Joseba Irazoki, Felix Buff, Oihan Oliarj-Ines eta Ludovic Leriche. Horrela, inprobisazioaren eta kontrolaren artean aritu dira lanean. «Asmoa ez zen musika epikoa konposatzea, baina alde hori atera da, lehen diskoan ez zegoena» dio musikariak.
Sormen-prozesuaz aritu gara berarekin, eta aholku ederra eman digu: «arriskuak hartu behar dira, batzuetan sortutako melodiak itsusiak izan dira, baina ez ditut baztertu; askotan melodia arraroak alde batera uzten ditugu, baina interesgarriak izan daitezke».
Ekhi Lambert Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoetara etorri da.