IRRATIA

Lorelei Green eta Mäbu elkarrekin euskaraz abestuz ‘Amildegian’ kantuan

Leire Aparicio ‘Lorelei Green’ musikariaren azken diskoko kantua da ‘Amildegian’ eta honetarako Maria Blanco Uranga ‘Mäbu’ artistaren kolaborazioa izan du artista bizkaitarrak.

BBK Music Legends jaialdian ‘Lava’ diskoa aurkezteko aukera izan zuen Lorelei Greenek. (Andoni CANELLADA | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Gehienbat atzerriko hizkuntzetan abesten duten bi abeslari euskaraz abestera animatzen direnean poza ematen digu euskaldunoi eta bide berri bat zabalduko dutenaren itxaropena ere pizten zaigu. MusikHaria saioan izan da azken kantuaz eta datorrenaz hizketan musikari bizkaitarra.

Lorelei Green (Leire Aparicio izatez) artistak 2023an atera zuen ‘Lava’ diskoa eta aurkezteko modu bitxia aukeratu du. Euskarri fisikoan eskuratu zutenei errespetuz, abestiak single moduan orain ari da kaleratzen pixkana-pixkana eta azaroan egingo du aurkezpen osoa, plataforma digitaletan orduan kaleratuko baitu bere estudioko azken lana osorik. 

Bide horretan aurkeztu du ‘Amildegian’, euskaraz abestu duen kantua. Horretarako, Maria Blanco Uranga abeslari bilbotarraren kolaborazioa izan du, ‘Mäbu’ proiektuaren buru egiten duena eta askok ‘Ura bere bidean’ ikuskizunetik ezagutuko duena. 

2023ko maiatzan NAIZ eta GARAri emandako elkarrizketan argi esaten zuen Lorelei Greenek ez zekiela «zentzurik ba ote duen zerbait halako mimoz egin eta behar bezala ez aurkezteak». Bada, denborak esango du, baina melomanoek eta bere proiektua babestu dutenek eskertuko duten zerbait izango da ziur.

Momentuz, ‘Amildegian’ da ezagutu dugun azken kantua eta Adrían Morotek zuzendutako bideokliparekin dator.