«Israelen indarra da mendebaldetik duen babesa, mundu Atlantikotik»
«Libano ez da Gaza», dio EHUren GeopolitikaZ ikerketa taldeko Gabirel Ezkurdiak eta historiak erakutsi duen bezala, «hanka sartze» handi bat litzatekeela bertan lurrez sartzea. Egungo gizarte sionista gerra handi baterako prest dagoela dirudi aliatuen babesaz eta NBEko gaitasun ezaz jakitun.
This browser does not support the audio element.
Hitz hauek idazten diren unerako, Israelek Libanoren aurkako azken egunetako bonbardaketa kanpainari eusten dio, tropak pilatzen dihardu iparraldeko bizilagunarekiko mugan eta armada sionistako buruek diotenez, lurrezko inbasioarena mahai gainean dagoen aukera bat da. Hezbollahren aurkako erasoa dela diote, baina estatu burujabe oso bat da jomugan dutena. Gazan erasoa Hamasen aurka dela dioten bezala, baina zerrendako populazio osoa da inpunitatez kolpatzen dutena. Gakoa, Israelek duen inpunitatea da, eta inpunitate hori Estatu Sionistaren aitabitxiek bermatzen dute Gabirel Ezkurdia EHUko GeopolitikaZ ikerketa taldeko kideak Naiz Irratiari azaldu dionez, «Israelen indarra da mendebaldetik duen babesa, mundu Atlantikotik».
2006ko gerran hildako gutxi batzuk nahikoak izan ziren israeldar gizartea asaldatu eta soldaduak Libanotik ateratzea exijitzeko. Baina gauzak asko aldatu dira, eta gaur egun badirudi gizarte berberaren zati bat prest dagoela sakrifizio askoz handiagoa egiteko, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroa ere prest horretarako, politikoki bizirauteko balio badio. «Badaki gobernua jauziz gero kartzela daukala seguru bere ibilbidean», dio Ezkurdiak, alegia, gerrak bizirik mantentzeko prest dagoela «bere figura babesteko».
Israelen gaur gaurkoz nagusitu den muturreko ikuspegi «supremazista», ez da bat batean jaio, bereziki 90. hamarkadatik zabaltzen joan den sionismo muturrekoena normalizatzearen ondorio baita, eskualde osoa juduei «jainkoak emandako lurralde bat» dela dioen kontakizunaren ondorio. Uste du Gabirel Ezkurdiak, Israelgo gobernuak maskara kendu duela eta askok aldarrikatzen dutela publikoki, «azken finean haien helburu historikoa da Eretz Yisrael sortzea, Eufratestik Nilora». Estatu Judu handiaren amets horrek beraz, Gaza, Zisjordania eta oro har Palestina okupatuaz gain, Libano, Siria Jordania eta Egiptori ere eragingo lieke.
Estatu paralelo bat
Ezin jakin uneotan, Israelek benetan inbadituko duen Libano edo guztia Hezbollah presionatzeko eta libanoarrak izutzeko estrategia bat ote den. Baina inbasio hori gauzatuko balitz, historiak erakutsi du Libanon sartzea erraza izan daitekeela, ateratzea beste kontu bat da ordea. GeopolitikaZ taldeko kidearen arabera, «hanka sartze galanta» izan liteke armada sionistarentzat lurrez sartzea «beste bi alditan egin izan du historian eta Libano ez da Gaza». Zerrendan «triskantza» eragin duten arren, Gaza askoz ere txikiagoa eta txiroagoa izanik «ez dituzte lortu euren helburu militarrak lortu», Ezkurdiak gogora ekarri duenez. Libanon galerak askoz ere handiagoak izatea aurreikusi daiteke.
Eta Hamas suntsitu ez duten bezala, zaila dirudi ere Hezbollah erabat desagerraraztea, milizia bat baino askoz gehiago delako gaur gaurkoz. Mendebaldean terroristatzat jotzen da mugimendu erlijioso-militar hau, errealitatea konplexuagoa denean. Egokiena, Hezbollah «estatu bat estatuaren barruan» dela esatea litzateke Ezkurdiaren esanetan. Arlo militarrean sekulako hazkundea izan du, baina baita ekonomikoki eta sozialki ere, zerbitzu publikoak eskaintzen baititu. Politikoki ezinbesteko eragile da Libanon eta lortu du gainera, hasierako jatorri xiitatik, beste komunitate erlijioso eta etnikoak erakartzea kasu batzuetan.