Siemens Gamesaren azken helburua «enplegua suntsitzea» da, ELAk ohartarazi duenez
Jakina da Gamesan kaleratzeak egongo direla berriz ere, «seigarren kaleratze kolektiboa litzatekeena» 2017an Siemensek enpresa bereganatu zuenetik. Hortik aurrera, zalantzak nagusi, langileek ez baitakite «zenbat» kaleratze izango diren ezta «non», ELAko Irati Bañuelosek dionez.
This browser does not support the audio element.
Heldu bezala irten ziren Siemens Gamesan ordezkaritza duten sindikatuek enpresako arduradunekin izandako azken bileratik; gaur gaurkoz alemaniar enpresak zehaztu duen bakarra delako enplegu erregulazioko espediente bat abiatzea beharrezkoa dela enpresaren egoera txarra bideratzeko. «Beraien irakurketa», dio ELA sindikatuko Irati Bañuelosek, «enplegua suntsitzea» da, eta argi utzi duenez, «guk irakurketa hori ez dugu partekatzen».
Kaleratze horiek gauzatuko balira, 2017tik Gamesaren baitan ematen den «seigarren kaleratze kolektiboa» litzateke. Deigarria iruditzen zaio Bañuelosi, Hego Euskal Herrian Gamesak dituen 2.000 langileen artean (1.600 Nafarroan eta 500 bat EAEn), oraindik ere ez jakitea zein lantokiri eragingo dion prozesuak. ELAko ordezkariaren arabera, «enpresak ez du aipatzen konkretuki zenbat enplegu suntsitu nahiko lituzkeen eta ez du esaten non suntsituko diren zehazki enplegu horiek».
Zentzu horretan, zuzendaritza eta langileen arteko bigarren bilera honen ostean, datozen batzarretan zehaztasun gehiago egotea eskatu du eta oraindik ere kaleratzeak ezinbesteko ikusten badituzte, konponbide errealistak eskaintzea. ELAtik gogora ekarri dute Gamesaren egoera ekonomiko txarra gorabehera Siemens Energy jabeak etekin ekonomikoak dituela, eta ondorioz Gamesako langileak bertan birkokatzea aukeretako bat litzatekeela.