IRRATIA
Interview
Vicente Atxa
Mondragon Unibertsitateko errektorea

«Etorkizunean eragin handiko proiektu bat eduki nahi badugu, gazteak formatu behar ditugu»

2024-2025 ikasturteko irekiera ekitaldia egin berri du Mondragon Unibertsitateak. Vicente Atxa errektoreak ikasturteko berritasunak aipatu ditu, besteak beste, NAIZ Irratian. Etorkizunera begira, Mondragon Unibertsitateak «Europako unibertsitatea» izan behar duela uste du.

Mondragon Unibertsitateak 2024-2025 ikasturteari hasiera emateko ekitaldia (Jon Urbe | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Mondragon Unibertsitateak HIREKIN zentro berrian burutu du 2024-2025 ikasturteko irekiera ekitaldia. Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak azaldu duenez, zentro berri hau uztailan inauguratu zuten, «ekintzailetasun industriala bultzatzeko» asmoarekin: «Ekintzailetasuna gure eredu propiotik ateratako zerbait da. Azken urteetan ikusi dugu geroz eta zailagoa dela industria munduan ekintzaile eta negozio berriak sortzea. HIREKIN hori bultzatzeko zentroa da».

Mondragon Unibertsitateak bere hasieratik begiratu die dauden «beharrei» eta «aukerei», bere esanetan. Horrela, Unibertsitatean beti aplikatzen duten formula zein den aipatu du: «Ekonomia sektore batean aukera baldin badago, gazteak formatzen hasten gara. Etorkizunean eragin handiko proiektu bat eduki nahi badugu, gazteak formatu behar ditugu».

Kurtso honetan duela lau urte baino %18 ikasle berri gehiago dituzte. Azken urteetan Mondragon Unibertsitateak «ikaskuntza eskaintza berriak» atera ditu «etorkizunean beharrezkoak izango diren profilei» erreparatuta. Horrela, Gipuzkoan eta Bizkaian ikaskuntza eskaintza gehiago egin dituzte. Atxak nabarmendu du «Mondragon Unibertsitatea bere historian izan dituen zenbaki handienetan» dagoela.

Mondragon Unibertsitateak hasieratik izan du lotura Mondragonekin: «Mondragonen hazia Unibertsitatea da». Errektoreak azaldu duenez, kooperatibek eragin «oso handia» dute Unibertsitatean. Izan ere, hauek inbertsio batzuk egiten laguntzen die Unibertsitateari, eta hori «beharrezkoa» da hau «inklusiboagoa» izan, eta ikasle guztiek bertan ikasteko aukera edukitzeko. Gainera, gehitu du «Mondragonek konpromisoa duela hezkuntzarekin».

Vicente Atxak 2025-2028 urte tartea hizpide izan zuen aurkezpen ekitaldian. Etorkizunera begira, Mondragon Unibertsitateak «Europako unibertsitatea» izan behar duela uste du: «Argi daukagu nazioarte mailan errekonozimendu berezi bat izan behar duela». Hau aipatuta, honek duen identitatea azpimarratu du: «Oso unibertsitate berritzailea da». Horrez gain, enpresarekin duen harreman «estua» aipatu du.

Bestalde, bizitza osorako formazioa landu behar dutela uste du: «Gero eta garbiago daukagu mundua eta profilak aldatzen direlako, lanean dauden pertsonentzat eskaintza malguagoa eta pertsonalizatuagoa garatu behar dugula». 2025-2028 urte artean ikerketan indarra egin behar dutela gehitu du: «Ikerketan bikaintasuna lortu behar dugu, ahaztu gabe ikerketa hori enpresetara transferitu behar dugula, gure enpresak lehiakorrak izateko etorkizunean». Azkenik, epe horretan Mondragon Unibertsitatearen «irudia eta eragina» handitu nahi dute.