IRRATIA

«Nire lana ez da epaitzea, defentsa eskubidea bermatzea baizik»

Ofiziozko abokatuen jarduna gertutik ezagutzeko asmoz gonbidatu dugu Leire Inza Mungia abokatua Bigarren Kafera. Lanbidearen egunerokotasunaren eta inguruan zabaldurik dauden usteen inguruan aritu gara berarekin.

This browser does not support the audio element.


Bere bueltan mesfidantza puntu bat baduen jarduna da ofiziozko abokatuarena. «Jendeak uste du abokatu partikularrek beren interesak hobeto defendatuko dituztela ofiziozko abokatu batek baino». Doakotasunaren inguruan dagoen zalantza ere argitu digu. «Ofiziozko abokatua doakoa izan daiteke edo ez, dituzun diru sarreren arabera». 

«Askotan ofiziozko abokatuaren lana entzutera mugatzea da; gure zerbitzuen behar duten askok bizitza oso zaurgarriak dituzte». Askotarikoak izan daitezke ofiziozko abokatuen zerbitzua eskatze dutenen egoerak: banaketak, atxiloketak, zerbaitegatik salatua izan delako…

Ofiziozko abokatu modura egiten dituen txandetatik bat bereziki gogorra suertatzen dela esan digu Inzak. «Txanda berezi bat dago genero indarkeria kasuetarako; oso gogorrak dira, gehienetan familia kontuak direlako eta umeak tartean egoten direlako».

Langintza horretan daramatzan 15 urtetan gaueko liskarren igoera sumatu duela nabarmendu du Inzak. «Lehen kasu horien profila atzerritarra zen eta orain euskaldunak ere ikusten ditugu». Azkenik, ofiziozko abokatuen kasuan euskarazko txanda ere badagoela gogorarazi nahi izan du Inzak.