«Kontalaritzaren termometroa nola dagoen jakiteko aukera da Ipuinen Eguna»
Irailaren 13 eta 14an ospatuko dute Ipuinen Eguna festa Arabako Garaion Sorgingunean. Itziar Rekalde eta Dorleta Kortazarrek egitaraua eta berrikuntzak aurkeztu dizkigute.
This browser does not support the audio element.
Irailaren 13ak badu lotura ipuingintzarekin. Else Holmelund Minarik haur literaturako idazle estatubatuarra 1920ko irailaren 13an jaio zen; eta lau urte lehenago, Roald Dahl eleberri eta ipuin laburren idazle galestarra jaio zen. Horregatik, 2024ko irailaren 13an, omenaldia egin nahi izan diegu ipuinei.
Itziar Rekalde eta Dorleta Kortazarrek Garaion Sorginguneko Ipuinen Eguna aurkeztu digute. Aurten, irailaren 13 eta 14an ospatuko dute hitzekin amesteko festa eta egitarau dotorea prestatu dute.
«Sorginguneko sorginek jaialdi hau sortu zuten duela urte batzuk eta orain ikasturteari hasiera emateko aukera bat da; baita kontalaritzaren barne termometroa nola dagoen ikusteko ere» kontatu digu Itziar Rekaldek. Horregatik, eskarmentu handiko kontalariak eta hasiberriak elkartuko dira ospakizun honetan. «Guk geu ere asko ikasten dugu horrela, haize freskoa oso mesedegarria da».
Berrikuntzen artean, Kontalaritza Eskola izango da nagusia. «Oparia eta izugarrizko luxua da, lanbide honetan aprendizak garenontzat ezinbesteko baliabidea izango da» esan digu Kortazarrek. Horrela, azarotik aurrera, Garaionen bertan, hiru urteko eskola profesionalari ekingo diote.
Kontu kontari ibili gara Rekalde eta Kortazarrekin Bigarren Kafean.