«Ez nago biktima klasikoaren paperean, ez naiz kokiltzen»
Sare sozialetan izan dituen mehatxuei buruz aritu da Ane Lindane NAIZ Irratian. Emakumeak espazio publikotik ateratzea helburua dutela eta horien aurrean sare feministaren bidez erantzutea beharrezkoa dela esan du.
This browser does not support the audio element.
«Biktima klasikoaren paperean ez nago. Ez naiz kokiltzen. Guzti honekin barre egiten dut», nabarmendu du Ane Lindane komikoak ostiral honetan NAIZ Irratian egin diogun elkarrizketan.
Alejandro Lopez Guzman izeneko gizon batek bere kontra bota zituen mehatxuen gaiaz aritu da Lindane. Gogoratu duenez, X-en botatako txio bati mehatxu batekin erantzun zion gizon honek. Lindanek, berriz, mehatxuari erantzun zion. «Oso garrantzitsua da horrelako mezuei burla eginez erantzutea», adierazi du.
Egoera berotzen hasi zen, eta Lindanek blokeatu egin zuen gizona. Baina honek kontu berriak sortuz eta mehatxu gehiago botaz erantzuten zuen. Instagrametik audio mezuak igorri zizkion Lindaneri, mehatxu berriekin. Komikoak grabatu eta zabaldu egin zituen. «Zigorgabetasunetik aritzen dira, ezer gertatuko ez zaien ustetik. Oso jarrera txuloarekin, gainera. Jendea horrelakoetan asaldatu egiten da, baina ni ez», azaldu du Lindanek.
«Ez dute nire lana baldintzatzen»
«Bakarrizketak egiteko gaiak dira hauek. Ez dute nire lana baldintzatzen. Erredikuluak eta barregarriak dira tipo hauek», nabarmendu du. Izan ere, hiru asteren bueltan Bilboko Zabalburu plazara joateko eskatu zion Alejandro Lopez Guzmani. Baina ez zen azaldu. «Kakaztu egin zen. Beldurtiak eta koldarrak dira», dio.
Horrelako eraso eta mehatxuei aurre egiteko emakumeen sareko lana garrantzitsutzat jotzen du Lindanek. «Ni ez nago bakarrik. Emakume feministen inguruan sare garrantzitsua eta indartsua dago. Autodefentsa feminista modu kolektiboan gauzatzen den zerbait da».
«Emakumeak beldurtu eta espazio publikotik kanporatzea dute helburu, baina ez dute lortzen», gaineratzen du, eraso hauen aurrean parre egiten badu ere larriak direla nabarmentzen duelarik.
Akosatzaile hauek beraien jarduera gauza intimoa izatea nahi dutela dio Lindanek. «Emakumeak beldurtu eta zigorrik gabe atera nahi dute. Horren aurrean, beraien datuak jakinaraztea eta zabaltzea erantzun oso potentea da».
Gertatutakoa Zabalburuko ertzainetxean salatu zuen, bide antzua izango zela uste bazuen ere. Salaketan, sare sozialetako afera izanik, 72 ordutan ez badute daturik eskuratzen artxibatu egingo dela dion klausula bat agertzen da. «Inolako formakuntza berezirik ez duten txiolarien artean eta azaleko bilaketa eginez 48 ordutan erasotzailearen datu guztiak genituen», azaltzen du Lindanek. Facebooketik atera zituzten datu horiek.
«Publikoak dira datu horiek berak publikoak egin zituelako. Nahiago dut isun bat eraso bat baino. Beldurra norabidez aldatu behar da», azpimarratu du.
Ertzainak
Ertzainen jarrera salatzeak ere ondorioak izan ditu Lindanerentzat. «Profesional txarrak zirela esan nuen eta haserretu egin ziren. ESAN sindikatuak ni salatzeko eskaera egin zuen. Dena den, ez dut uste egingo dutenik».
Dena den, erasoak pairatzen dituzten emakumeei behin eta berriz salatzeko esaten dietela gogoratu du Lindanek. Salaketak ez direla eragingorrak frogatu du afera honek. «Emakumeok ez dugu babesik», aldarrikatu du.