IRRATIA

«Bihotz oneko jendearekin lana egitea da helburua, eta fruituak gero etorriko dira»

'Ganbarako Doinuak' izeneko diskoa kaleratu berri du Aitor Huergok. Bizkaitarraren bigarren lana da, bizipen pertsonaletatik abiatutako 10 abestiz osatutako kontakizuna. 

This browser does not support the audio element.


Kantautore, trobadore edo juglar… Aitor Huergoren melodiek, eta melodia hau janzteko darabiltzan soinuek badute 2024ko gaurkotasuna, eta era berean betidanik gure imaginario sonoroan egon zitezkeen doinuen izakera. Ezin esan daiteke proiektuaren lehen pausoak direnik Huergorentzat, baina era berean, badu esku artean hasi berri den egitasmo baten freskura eta indarra; 'Ganbarako Doinuak' bigarren diskoa kaleratu berri du eta hori aurkeztera etorri da.

«Bizi izandakoak kontatzen ditut, ganbaratik ganbarara atera dira abestiak» esan digu bizkaitarrak. Horregatik auzoa, sustraiak, heriotza eta agurrak bezalako gaiak landu ditu 10 abestietan zehar. Bigarren disko honetako abesti batzuk 2020tik eginak zituen, baina oraintxe kaleratu ditu. «Denbora ez daukagu alde, kontra baizik eta beraz, buruari esan nion bigarren diskoa grabatuko nuela, zergatik ez?».

Erabakia hartuta, bigarren lana ekoizten hasi zen. «Espazio sonoro berriak esploratu nahi nituen; aurreko diskoan gitarra eta ahotsa zeuden, besterik ez, eta oraingoan gehiago jantzi ditugu abestiak». Horretarako, alboan izan ditu Aitor Erkizia eta Agate Amilibia. Erkiziarentzar, «gauza askotarako lehenego aldia izan da niretzako, baita partituretatik haratago bizitza bat dagoela deskubritzeko ere». 

Gurera, Aitor Erkizia eta Ianire Materekin etorri da, galderak erantzun eta bi abesti eskaintzera. Izan ere, «bihotz oneko jendearekin lana egitea da helburua, eta fruituak gero etorriko dira» kontatu digu abeslariak.