«Amnistia legea porrot hutsa da, botere judiziala matxinada betean dago»
Diadarekin bat eginez, herrialdearen egoeraren analisia egiten lagundu dio NAIZ Irratiari VilaWebeko zuzendari Vicent Partalek. Haren arabera, frogatuta gelditu da Estatuarekin akordioetara heltzen saiatzea «zentzugabeko bidea» dela. Kritiko mintzatu da ere alderdi independentistekin.
This browser does not support the audio element.
Irailak 11, egun handia Katalunian; Diada nazionala. Eta aldaketa esanguratsuak dakartza aurtengo aberri katalanaren egunak, herrialdeko panorama sozial eta bereziki politikoan eman diren mugimenduen isla. Izan ere, 14 urteren ostean, president independentistarik gabeko lehen Diada da gaurkoa, alderdi independentistak banatuta direla.
Kataluniak azken hilabete hauetan izan duen gaurkotasun politikoa aztertzeko NAIZ Irratian izan da Vicent Partal, VilaWeb hedabide digitaleko zuzendaria. Aske bezain zuzen hitz egin du alderdiek hartu duten norabideaz, baita honek masa independentistan izan duen eraginaz ere.