«Zuberoatik Karrantzara ardi moztailerik egongo da munduko txapelketan lehiatzen ahalko dena»
Euskal ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko txapelketetan parte hartzeko. Horrela, 2026ko munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatu nahi dute. Honen inguruan aritu da Joseba Attard, ekimenaren sustatzaileetako bat eta Euskal Ardi Moztaileen elkarteko lehendakaria, NAIZ Irratian.
This browser does not support the audio element.
Hemendik aurrera, euskal ardi moztaileek nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute Euskal Herria ordezkatuz. Hiru urtez behin antolatzen dute ardi mozteko munduko txapelketa. Iaz Edinburgon lehiatu zuten munduko ardi moztaile onenaren saria, eta bertan, Joseba Attard Euskal Ardi Moztaileen elkarteko lehendakariak artzaintzak euskaldunengan duen eragina zein den azaltzen zuen aurkezpen bat egin zuen. Horrez gain, eskaera bat ere egin zuen: «Nazio baten parte sentitzen garela azaldu nuen, eta Gales, Eskozia eta Man Uhartearekin batera Euskal Herriaren izenean lehiatzeko aukera emateko eskatu nien». Horren ondoren jaso zuen Attardek baiezkoa euskal ardi moztaileek Euskal Herriaren izenean lehiatzeko.
Hala ere, munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatzera ailegatzeko lanak ez dira hemen bukatu. Ardi moztaileen hurrengo munduko txapelketa 2026ko martxoan ospatuko dute, Zeelanda Berrian; eta, horretarako, bi moztaile makinaren, bi artaziren, bi artile kudeatzaileren, epaile baten, entrenatzaile baten eta talde buru baten bila ari dira. Txapelketa honetan bi modalitate daude: ardi artilea artaziarekin mozten dutenena eta makinarekin lehiatzen direnena. Lehiaketan abiadura eta lanaren kalitatea dira garrantzitsuena.
Attardek azaldu duenez Euskal Herrian oraindik ez da galdu ardiak artaziarekin mozteko ohitura: «Oraindik ere Euskal Herrian badaude moztaile oso trebeak artaziarekin mozten dutenak». Eta, horregatik, uste du Euskal Herrian egongo direla artaziarekin lehiatu nahiko duten moztaileak. «Gonbidapen bat luzatuko dugu parte hartu nahi duenak gurekin kontaktuan jartzeko. Zuberoatik Karrantzara egongo da ardi moztailerik Zeelanda Berriko munduko txapelketan lehiatzen ahalko dena».
Artilearen balioa
Euskal Herriak lehiakide gogorrak ditu. Horiek dira Zeelanda Berria, Australia eta Erresuma Batua (Eskozia, Gales, Irlanda eta Ingalaterra). «Herrialde hauetako ardi moztaileak oso onak dira eta oso aurreratuta daude mundu honetan. Asko daukagu ikasteko beraiengandik». Artilea kudeatzeko modua nabarmendu du Attardek: «Hemen ardien artileari ez zaio garrantziarik ematen, baina hemendik kanpo bai». Horren harira, Euskal Herrian artilea ez preziatzearen zergatia azaldu du: «Nire ustez beti lotzen dugu artilea arroparekin. Gure artilea latza da. Ardi Latxa izena hortik dator. Beraz, arroparako ez du balio handirik. Baina oso egokia da moketak edo koltxoiak egiteko». Adibidez, Attardek azaldu duenaren arabera, Euskal Herritik kanpo artilezko hilkutxak egiten dituzte. Suhiltzaileen arropak ere artilearekin egiten dituzte, honi kosta egiten baitzaio erretzea.
Ingalaterratik Euskal Herrira
Bitxia da Joseba Attardek bere bizitzan zehar egin duen ibilbidea. Bere ama euskalduna da, nahiz eta Attard bera Ingalaterran sortua den. 27 urterekin heldu zen Euskal Herrira Ingalaterratik. Egun, Olabe baserriko proiektuan murgilduta dago.
Haurra zenean nongoa zen galdetzen zietenean, «Elorriokoa» zela erantzuten zuen. Baina 16 urte ingururekin konturatu zen hori erantzun ahal izateko elementu bat falta zitzaiola: euskara. Gainera, konturatu zen, berak euskara ikasten ez bazuen, hainbeste maite zuen hizkuntza eten eta galdu egingo zela bere familian: «Erru hori nigan ez edukitzeko, 27 urterekin Euskal Herrira etorri nintzen, euskaraz hitz egiten jakin gabe. AEKn sartu nintzen eta oso bide polita bizitu nuen». Euskara ikasi ondoren, landa eremuan murgiltzeko gogoa piztu zitzaion Attarderi. Horrela, baserri zahar bat erosi eta berritu egin zuen. Orain, aterpetxe bat ireki nahi dute bertan, eta landa eremuarekin lotutako ikastaroak eta tailerrak eskaini nahi dituzte.