IRRATIA

«Estatuak eragindako biktimak oroitzeko gunea izan behar du La Cumbre jauregiak»

Oroimen Legeak berariaz ekarri zuen La Cumbre jauregi donostiarra oroimen gune izendatuko zutela. Berriki Gogora Institutuak eta Donostiako Udalak eremu honentzako lehen proposamena iragarri dute. Horren harira, Juan Karlos Izagirre, Donostiako EH Bilduko bozeramalea izan da NAIZ Irratian.

Juan Karlos Izagirre (NAIZ Irratia)

This browser does not support the audio element.


Duela gutxi La Cumbre Jauregirako Donostiako Udalak eta Gogora Institutuak aurkeztu duten proposamenaren berri eman dute. Juan Karlos Izagirrek azaldu du «proposamena berandu xamar etorri bada ere, berri ona» dela. Izan ere, gogorarazi du hitzarmena 2022ko ekainekoa dela, EH Bilduk eta Gobernu espainolak sinatu zutena, Memoria Historikoaren Legearen baitan. Legea urte hartako urrian onartu zen, eta urtebeteko epea jarri zen lagapena egiteko. Horretarako Udalak proiektua aurkeztu beharra zuen. Izagirrek azaldu duenez, urte hartan «ez zen ia ezer egin», nahiz eta EH Bilduk behin eta berriro eskatu zuen Udala mugi zedin, finean badelako «berri on bat» Donostiarentzat, baina baita Euskal Herriarentzat ere.

Urtebeteren ondoren proiektua lantzen hasi ziren.«Eragile batzuk eta pertsona zehatz batzuk, Gogora Institutuarekin batera, proiektu honen zirriborroa egitea eskertu behar dugu», adierazi du Izagirrek. Hala ere, emango zaion ezagurritze eta helburuekin kezka nabaria du.

Kontrako norabidean ote?

Egindako zirriborroari zenbait aldaketa egin zaizkiola jakitun dira, eta «beldur» dira ea zein diren aldaketa horiek. Izan ere, «denbora gehiegi pasa da», eta oso «garrantzitsua» zen haientzat zirriborro horretan eragileekin adostutakoa, eta 2022ko hitzarmenean jasotzen zena: «Eraikin hau eta eremu hau behar da Estatuaren biktimak oroitzeko, eta eragileek ere beren lekua behar dute zuzendaritzan eta espazioa kudeatzeko lekuetan».

«Nik pertsonalki alkatearekin hitz egin dudanean ez dit esan zein aldaketa egin diren, baina prentsaren bitartez gauza batzuk irakurri ditugu eta iruditzen zaigu kontrako norabidean doazela». Helburua zein den argi du Izagirrek: «Gune honek izan behar du Estatuaren biktimak aitortzeko eta oroitzeko, beste gatazkak izan dituzten herrialdeetan bezala, ahaztutako eta baztertutako biktimak direlako askotan».

Beste alde batetik, Izagirrek azaldu du, alkateari galdera zuzena egin ziola: Eragileek zein paper jokatuko dute kudeaketan eta sortuko den fundazioko zuzendaritzan? Horren aurrean jasotako erantzuna ez doala sinatutako hitzarmenaren ildo beretik antzeman dute. Izan ere, azaldutakoaren arabera, eragileak ez dira bertan egongo; Instituzioak bai (Eusko Jaurlaritza, Diputazioa eta Donostiako Udala), baina memoriaren arloan lana eta ekarpena egiten dutenak ez.

Turismoaren eragina trafikoan

Bestalde, uda amaitzen ari den honetan, Izagirrek balantzea egin du, elkarrizketa berean. Donostiako Aste Nagusia pasata ere, hiriak dituen arazoek bere horretan jarraitzen dutela nabarmendu du.

Turismoa kontrolatzeko Udalak jarritako neurrietako bat izan da hiriko aparkalekuak garestitzea. Hirira gerturatzen diren bisitarietatik hamarretik zortzi autoz hiriaren erdiguneraino joaten direla azaldu du, eta argi du konponbidea etorriko dela, bisitari horiei kotxea periferian aparkatzea eskaintzen bazaie. Baina, ondorioztatu du, hori «nahikoa lantzen ez denez, eta neurriak oso azalekoak direnez», ez dutela betetzen bete beharreko helburua.