«San Joseri esango nioke badagoela damua. Ez da beharrezkoa umiliatzea»
Hiru urte dira EAEk espetxe eskuduntza eskuratu zuenetik. Kargua utzi berritan, Jaime Tapia orain artean espetxe aholkulariak erregimen irekiko presoen kopurua zabaldu izana nabarmendu du lorpen gisa. Maria Jesus San Jose Justizia sailburu berriaren damu eskaerari dagokionez ere argipenak eman ditu.
This browser does not support the audio element.
‘Espetxea gizatiartu: euskal espetxe eredurako esperantza eta erronka’. Hala zuen izenburu pasa den astelehen eta asteartean EHUk antolatutako ikastaroak. Jardunaldiari hasiera emateko ardura izan zuten bertan Jaime Tapia berak, Angel Luis Ortiz Espainiako Estatuko Espetxe Erakundeetako arduradunak eta EAEko Justizia sailburu berri Maria Jesus San Josek. Lehen biek erdi-askatasunean oinarritutako espetxe ereduaren balioa azpimarratu zuten; sailburuak, ordea, atzera begirako erretorikak berreskuratu eta damuan jarri zuen arreta.
EAEko espetxe aholkulari izan da orain artean Jaime Tapia. Kargua utzi berritan hitz egin du NAIZ Irratiarekin. Aholkulariak gogora ekarri du euskal preso politikoek hirugarren gradua eskuratzeko «aitortu dutela gaizki jokatu zutela. Biktimekiko enpatia adierazi dute idatziz». Damua zer den «gakoa» izan daitekeela deritzo aholkulari ohiak. Haren ustez, «ez da beharrezkoa barkamena eskatzea, baina damua zentzu batean lortu da, eta denontzat onuragarria da hori». Tapiak dio presoek onartu dutela «okerkuntza bat» eta, zentzu horretan, ez dela «beharrezkoa hori gehiago sakontzea eta umiliatzea». San Jose sailburuaren hitzen inguruan, Tapiak dio ez dakiela zehazki zer esan nahi zuen damuarekin, baina gogora ekarri du honez gero legeak eskatzen duela hori eta beraz, preso politikoek bete dutela betekizun hori: «Egin dute eta horregatik lortu dute hirugarren gradua».
Horrez gain, euskal preso politikoen tratamenduan «berdintasun printzipioa ezartzea lortu» dela ospatu du. «Beste presoekin gertatu den moduan, hiugarren gradua lortu dute». Aurreko urteekin alderatuta, oso kasu gutxitan egin dela atzera azpimarratu du. 20 kasutik gora izan direla eta bakarra errekurritu dela azaldu du aholkulari ohiak. Auzitegi Nazionalak «egiten ari garena ongi dagoela» onartzea positibotzak jo du eta gehitu du profesionalen irizpideei jarraiki jartzen direla prozedurak martxan. «Profesionalek dakite presoak zein baldintza betetzen dituen eta Eusko Jaurlaritzak bide eman behar dio prozesu horri». Preso politikoen portzentaje handia dago erdi-askatasunezko erregimenean eta horrek poztu eta asebete duela onartu du Tapiak.
Ateak zabalik mantendu
Hiru urteko bidea eginda, Ines Soriak hartuko du Tapiaren lekua. Aholkulari ohiak egindako lanaren balioa nabarmendu du, baina oraindik ere lan handia dagoela aitortu du: «Espetxeetan beti dago zer egin». Epe motzean, Zubietako kartzelak datorren urtean ateak zabaltzea espero du. Arduradunei dagokionez, lantalde berriak bide beretik jarraitzea espero du. Izan ere, lorpen handiena zein den argi du: gero eta preso gehiago dira zigorra erregimen ireki edo hirugarren graduan bete duenak. Zentzu horretan, gizartean pentsaera aldaketa bat beharrezkoa dela ere nabarmendu du, oraindik aurreiritziak daudela deritzo.
«Jendeak zigorra hormen barruan bete behar dela pentsa dezakeen arren, hirugarren graduko zigorrak zigorrak dira hala ere». Onurak argiak dira Tapiarentzat, azaldu baitu zigorra hirugarren graduan betetzean nabarmen jaisten dela berrerortze maila. Horrekin batera, gogora ekarri du hirugarren graduan diren presoak ez daudela askatasun egoeran eta beraz, hainbat baldintza bete behar dituztela: «Haien bizitza kontrolatua dago, espetxetako arduradunen deiak jasotzen dituzte nola dauden jakiteko, eskakizun batzuk betetzen ez badituzte bigarren gradura eta espetxera itzuli behar dute... Ezagutu ditut zenbait kasu eta haiek ere nabaritzen dute ez dutela askatasun osoa».
Zigorra kalean, baina ez edonola
Baliabideen beharra ere azaleratu du Tapiak. Hiru urte hauetan, besteak beste, etxebizitzak, eguneko zentroak eta adikzioak lantzeko guneak bide horren zerbitzura jarri dituztela azaldu du. Horrez gain, administrazioen arteko koordinazioan sakontzeko beharra nabarmendu du, «askatasunik gabe dauden pertsonak sostengatzeko. Bestela erdibidean geldituko gara».
Hezkuntza sailarekin eta Osakidetzarekin egin dutela lan gehitu du, baina harago joateko beharra azaleratu du birgizarteratzean emaitzak hobetzeko. Izan ere, aholkulari ohiak gogora ekarri du espetxeratua izatearen atzean, askotan, pertsona horren edota haren familiaren bizi baldintzak daudela. «Kartzeletan zer edo zer konpontzen saiatzen gara, gabezia horiek, baina bidea ez da bukatzen eta horretarako gizartearen laguntza behar da».
Osasun mentaleko eta drogamenpekotasun arazoetan ere jarri du arreta. Kartzelatik kanpoko baliabideen beharra aldarrikatu du eta gogora ekarri du adituek eta Europako hainbat erakundek askotan gomendatzen dutela kasu horietan zigorra espetxetik kanpo betetzea. Baliabide eta azpiegitura horiek indartzea onuragarria litzatekeela deritzo, delitugileentzat, baina baita gizartearentzat oro har.
Amatasunari dagokionez, Martutenen hiru urte arteko haurrek beren amekin egoteko aukera dutela azaldu du eta Zubietako espetxeak emakumeen modulu handiagoa izango dela gehitu. Egun emakumeen %54k zigorra hirugarren graduan betetzen dutela azaldu du eta zentzu horretan «pentsatu daiteke emakume gehiago egon litezkeela».