«Pozik nago hau lantzeko aukerarekin; poema liburu oso zabala da, oso barrutik idatzia»
Genozidioaren oihartzuna inoiz baino ozenagoa den garai hauetan, urrutitik begiratzen dugun errealitate gordina hobeto ezagutzeko zubigintza ezinbestekoa da. Borrokan bizi den herriak bere baitan ditu ahaztu behar ez diren pertsona zein sinbolokoak. Horietako bat ekarri nah izan dugu gurera: Rifqa.
This browser does not support the audio element.
Rifqaren borroka gure hizkuntzan ulertzeko aukera izango dugu hemendik aurrera. Nola? Gure gaurko gonbidatuaren ezinbesteko ekarpenari esker. Izan ere, gaurkoan, Bigarren Kafea hartzera gonbidatu dugu Eider Beobide Urkizar itzultzailea, (Egia, 2000) berak euskaratu baitu El-Kurd idazlearen Rifqa izeneko lehen poema liburua. Katakrakek argitaratu du bere poesia bilduma berrian, eta guk Eider ekarri nahi izan dugu Bigarren Kafea hartzera, besteak beste, itzultzailearen jardunean sakonduz, Rifqa bera ere gugana hurbiltzeko.
Lehen aldi asko bildu dira kaleratze honen baitan; «Bazegoen ahalik eta azkarren egitearen presio txiki horrek eragindako urduritasuna, garrantzitsua delako halako zerbait euskaratzea. Gainera, El-Kurden lehen aldia da, nire lehen aldia liburu bat itzultzen, Katakrakek ere, halako zerbait egiten zuen lehen aldia, oso polita izan da».
Erronka polita, beraz, Eiderrek bizi izan duena. Itzultzaile lanetan dabilenetik halakorik egin gabe zegoela aipatu digu, baita poesia izateak eragin dion zirrara berezia ere. «Pozik nago oso, poesiaren inguruan izan delako ere, oso gustora hau lantzeko aukerarekin, karrera amaierako lana ere hala egin nuelako, eta beste zenbait proiektu ere bai».
El-Kurd idazlearen Rifqa izeneko lehen poema liburuan autorearen amonaren borroka aurkituko du irakurleak, luze dirauen genozidioaren kontestuan. Baina, poesiaren lerro artean, gai ezberdin asko jorratzen direla kontatu digu Eiderrek. «Liburu zabala da, gauza askoren inguruan hitz egiten du. Liburuak ez du amonaz bakarrik hitz egiten, Palestinan jaiotako pertsona batek bai ala bai hitz egin behar du genozidioaz; baina gaur egungo bestelako erreferentziak ere aipatzen ditu; autorea gaztea da eta gaur egungo gai asko ere erabiltzen ditu errefrentzia bezala, eta horrek laguntzen du hankak hemen jartzen. Oso zabala da, oso barrutik idatzia».
Aurkezpena egin ostean, liburua kalean eta eskuragarri izateaz gain, larunbat honetan, EHZ Jaialdian arituko da Rifqako poemekin sortutako ikuskizun bat eskaintzen.