Irungo Alardea: urrats falta eta «normaltasun faltsua» salatu ditu Maite Bergara generalak
Jose Antonio Santanok Irungo Udala utzi eta ministro kargua hartuta, alkatea aldatu arren, ez da inolako aurrerapausurik izan. Maite Bergara Alarde parekideko generalak salatu du eurak direla urratsak ematen dituzten bakarrak. Gainera, bi Alarde egotearen normaltasun faltsua gaitzetsi du.
This browser does not support the audio element.
Azken hilabeteetan Alarde bakarra eta parekidea izateko, urratsak Alarde parekidekoek eman dituztela salatu du Maite Bergarak, ez Udalak eta ez alarde baztertzaileek ez dutela ezer mugitu. Eguna etortzean Gipuzkoako Aldundiaren, Emakunderen eta beste erakundeen partetik hitz onak bai, baina ondoren aldaketarik ez dagoela salatu du NAIZ Irratian.
Duela hilabete batzuk Udalari dei egin zioten Alardea antolatu zezan, Alarde parekidea pubilkoa izan dadin. Orain arte Santanok erantzun ere ez die egin, Cristina Laborda alkate berriak, ordea, ezezkoa eman arren, erantzun egin die.
Azaldu duenez, ezezko soila jaso dute, ez zutela antolatuko Alarde publikorik Alarde parekidearentzat. Bergarak galdetu zion ea zeintzuk ziren arrazoiak, eta erantzunik ez dute jaso. Gaur egun, zoritxarrez, uste dute bi Alarde normalizatuz, aterabidea egina dagoela, aukeratu dezakeela irundarrak, baina eurek Alarde bakarra eta parekidea lortzea da helburua.
Normaltasun faltsua dela adierazi du Bergarak, ez dagoela normaltasunik egun hauetan Irunen. Hala, bi alardeen konponbidera egokitu dira baztertzailekoak, baina diskriminazioa mantentzen da eta hori ez dela onargarria nabarmendu du. Tentsioa mantendu egiten dela eta behin betiko konponbidea eskatu du.
Hondarribian Gipuzkoako Aldundiak bitartekaritza saioak hasi ditu. Bergarak esan duenez, bi herrien aldarriak berdinak izan dira, baina bide ezberdinak jarraitu dituzte. Halaber, soluzioa Udalaren bitartekaritzarekin etorriko dela ziur agertu da.