IRRATIA

Herriko, Aguraingo suen pizgarri

Auzolana, komunitatea, elkartasuna eta konpromisoa. Balio horiek azpimarratu dituzte Irati Saez de Urabain eta Jon García de Vicuñak Herriko deskribatzerako orduan. 40 urte bete ditu eta abendura bitarte dinamika berezia prestatu dute Agurainen. Larunbaterako ordea, ospakizun biribila antolatu dute.

Irati Saez de Urabain eta Jon García, biak izan dira Herrikon tabernari. Akaso bide bera jarraituko du Izarrek. (NAIZ)

This browser does not support the audio element.


1984ean sortu ziren Aguraingo Sagarmin elkartea eta Herriko taberna. Politikoki eta sozialki mugimendu handiko garaia zela oroitzen dute garaian elkartearen sorreran buru-belarri ibili zirenak. Langile mugimendu antolatua eta euskaltzaleen bultzada handia zen. Irati Saez de Urabain Garriz eta Jon García de Vicuña Arnaizek ez zituzten garai horiek bizi; baina Herrikoren bueltan harilkatutako komunitatearen parte dira. Belaunaldi eta garai ezberdinekoak, bik dute zer ospatu eta zer azpimarratu Herrikoko 40. urteurrenean.

Urte osoko dinamika jarri dute martxan Agurainen, lau hamarkadako ibilbidea oroitu eta horrekin batera, etorkizunera begira jartzeko helburuz. Besteak beste, memoria lantalde bat osatu dute, hainbat jardunaldi eta ekitaldi antolatu dituzte Ezker Abertzalearen proiektua eta Sagarminek ereindako balio eraldatzaileen sustapena ureztatu eta aitortzeko. Horrekin batera, Sorgiñetxe aldizkaria berreskuratu dute.

Egun handia izango dute larunbat honetan. Urteurren ospakizuna antolatu dute ekainaren 15erako. Eguerdian botako dute txupina era kultur eskaintza zabaleren ostean, Herrikoko komunitatea herri bazkarian batuko da. Arratsaldeko 19:30ean ekitaldi politikoa antolatu dute eta horren ostean musika eskaintza tentagarria izango da Santa Maria plazako oholtza gainean: Baietz!, Dupla; DJ Hmdk etxera eta DJ Berixek osatu dute kartela.