IRRATIA

Esanezin: «Bigarren diskoa era kontzienteagoan eraiki dut baina asko du inozentziatik»

Altzagaratetik dator gure gaurko gonbidatua, Esanezin proiektuaren buru eta bihotz den Ianire Aranzabe baitugu gurean, iaz, azaroan kaleratu zuen bere bigarren lana, Erretratu bat, eta honen inguruan aritzeko etorri da gurera kafea hartzera.

This browser does not support the audio element.


Bigarren disko honen zirriborroak etxean nola egin eta bidean nola jantzi dituen jakin nahi izan dugu, kantu berriek zenbat duten arkatzaren txuri-beltzetik, eta instrumentazioaren kolore gehitzetik. «Bietatik du asko. Serioagoa izan da lan hau, ekoizpenean hasi baino lehen, denbora asko pasa dut kantuekin taldekideekin partekatu aurretik. Denbora gehiago hartu dugu estudiora sartu baino lehen, txuri-betzari kolorea ematen».

Eta nola egiten da ideia guzti horien arteko hautaketa? Konposatzen zituen ideia horien artean disko bat egiteko gogoa noiz jaio ote zitzaion jakin nahi zian dugu. «Ez nuen ideia garbirik, baina erretratu bat abestiarekin sentitu nuen, edo konturatu nintzen hor bazegoela zerbait, ez nuen guztiz zehaztu baina hortik tiratu nuen. Ez nuen argi zenbat kantu izango ziren, baina denborari utzi diot bere lana egin zezan».

Eta erretratua zeri atera nahi izan dio, bere buruari, inguruari? «Lehen diskoaren alderatuz, pentsatzen nuen ez zuela hainbeste nitik, baina hilabete batzuk pasata, diskoa bada, bereziki, ingurura begiratu izanaren emaitza, baina ingurura begiratzeak uste baino gehiago du nitik”».

Bigarren lana du Ianirek eta bidean ikasketa ugari. Bere musika egiteko moduaren inguruan galdetu diogu, kantua nondik sortzen ote duen. «Denborarekin beste ezagutza batzuk eskuratu ditut musikan, saiatzen naiz intuiziotik sortzen eta biszeralidadetik egiten. Behar dut kantua bukatu eta gitarra eta ahotsarekin funtzionatzea; esango nuke bigarren diskoa modu kontzienteagoan eraiki dudala baina asko duela inozentzia eta intuiziotik».

Taldera bideratu ditu etxean sortutako ideiak, batzuk landuago besteak oraindik sonikoki norabide ezarririk gabe. Bigarren Kafean lankide dugun Iñigo Asensio taldekidea du, eta biei galdetu diegu sortze prozesua nolako izan de. «Etxean ikasi dut maketatxok egiten, eta abestietako oinarrizko elementuak sartu ditut, eta ausartu naiz samplerrekin. Gauza berriak modu oinarrizkoan sartzen ibili naiz, eta behin ideia horiek edukita lokalean landu ditugu, lan handia egon da taldean estudiora joan aurretik» aipatu du Ianirek. «Prozesuan denetarik gertatu da. Bajo elektrikoarekin formatu rockeroagoan osatu ditugu batzuk, Ianirek ekarritako maketa askok bazituzten intentzio erritmiko eta estetikoak. Zaila da kronologikoki antolatzen, prozesu luze bezain polita izan baita» gehitu du Iñigok.

Zuzenekoetan ere kantuek jasan dute garapen bat. «Sentsazioa daukat oraindik ere sortzen ari garela, zuzenekoetan gabiltza moldaketak egiten eta diskoa bizirik dagoen sentsazio daukat».

Aukeren inguruan ere aritu gara, bizitzako trenak hartzearen inguruan, biltzen gaituen abiaduraz. «Bizitzan badago borrokatuz gero lortuko duzunaren ideia hori, eta nik ez dut horretan sinisten; lana eginez gero gauzak etor daitezkeela baina gertatzen zaigunaren zati txiki bat dago soilik gure esku eta gure burua matxakatzeko joera dugu, eta eman behar diogu gure buruari bake eta lasaitasun hori».