IRRATIA
Interview
Lorea Agirre
Jakineko zuzendaria

«Errelatoaren garaian gaude eta gaia modu konplexuan aztertzea oinarrizko egitekoa da»

Errelatoa, memoria, generoa eta transmisioa. Iraganaren eraikuntzak orainean duen isla aztertuko dute datorren ekainaren 20 eta 21ean Usurbilen, Jakin jardunaldien baitan. Auziaren konplexutasunaz jakitun, gaia jorratzeko unea dela deritzo Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, NAIZ Irratian.

Lorea Agirre Jakineko zuzendariak auziaren inguruko ikerketen ugaritzea nabarmendu du. (NAIZ)

This browser does not support the audio element.


'Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka'. Atzetik hamaika hari-mutur dituen eztabaida zabaltzeko erronka hartu du Jakin Fundazioak, aurtengo Jakin jardunaldietarako. Memoria, errelatoaren eta gatazkaren itzalarteko ikerketak, kultur adierazpenak eta ekimenak eskainiko dituzte ekainaren 20an eta 21ean Usurbilen. Aurtengoan ere, Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatu dituzte jardunaldiak. Gaiaren konplexutasunak baina baita aktualitateak ere jakin-mina piztuko duela deritzo Jardun Fundazioko zuzendari Lorea Agirrek; eta badu bihozkada bat: aurtengoan bereziki «hunkigarriak» izango direla uste du.

Memoria eta errelatoaren inguruan ikerketa-lanak ugaritzen ari direla-eta, gaiari heltzeko unea zela deritzo Agirrek. Proposamen eta irakurketa berriak daudela dio; baina noski, horrez gain, geurean, Euskal Herrian, gaiak duen garrantzia azpimarratu du. «Zer da memoria? Zer da errelatoa? Zer da historia? Nork egiten du eta nork ez? Nor da zilegi? Zein botere harremanek operatzen dute?». Hainbat galdera bota ditu mahaigainera NAIZ Irratiko estudioan Agirrek, eta borobildu du: «Euskal Herrian betidanik dago puri-purian; eta orain egunero-egunero ikusten ditugu memoriaren errelatoaren gatazkarekin loturiko albiste edo gertakariak hainbat eremutan».

1936a abiapuntu eta generoa ardatz

1936ko gerratik egungo testuingurura arteko garaia izango dute hizpide eta aztergai. Alde batetik, ikertzaileek eurek jorratutako epea delako. Horri gehitu behar zaio, Agirrek azaldutako moduan, 1936ko gerra eta euskal nazio gatazkaren berpizkundearen arteko loturak. Konexio horiek anitzak dira: historikoak noski, baina baita errepresio formetan ere edota errelatoa eraiki den moduetan ere. 1936a eta ostera gertatutakoak, Agirreren ustez, «politikoki, sozialki eta kulturalki geure gizartearen abiapuntu ere badira».

Gaiari buruzko ikerketa «berriak eta berritzaileak» agertu direla azaldu du Agirrek eta gehitu du «ez dela kasualitatea identifikatu ditugunak generoari eta transmisioari loturikoak izatea gehienak». Elementu horien bueltan jositako ikerlanen berri emango dute, bereziki, jardunaldien lehen egunean, ekainaren 20an. Besteak beste, Ione Zuloaga historialaria eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak 'Isilpeko historia berreskuratuz. 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua' lana aletzen izango da. Maider Galardi soziologoak ere eskuartean duen doktore tesi lana izango du hizpide. Galardi, euskal gatazkaren biktimen inguruan izandako emakumeen rola eta bizipenak abiapuntu, euskal gatazkaren irakurketa bitarra gainditzeko proposamen feminista lantzen ari da.

Gertuko memoria, herri memoria

Errelatoaren eta memoriaren eraikuntzari ere erreparatuko diote ekainaren 21ean. George Orwellen hitzak izan ditu gogoan Agirrek: «Iragank kontrolatzen duenak oraina kontrolatzen du eta oraina kontrolatzen duenak etorkizuna». Errelatoa eztabaida iturri bihurtu dela aitortu du. Euskal nazio gatazkaren kasuan, transmisiorako zailtasunen ondorioak nabarmenak direla deritzo. «Errelatoa mediatizatu egin da, transmisio zuzenik gabekoa da, urrutikoa, gorputzetik aparte nagusiki». Samara Velte ikerlariak euskal gatazka armatuaren transmisioa aztertu du. Bera izango da hizlarietako bat.

Horrez gain, belaunaldi berrien rola ere mahaigaineratuko da. Gazteak «memoria eske» direla eta, askotan, hirugarren belaunaldia izaten ari dela memoria berreskuratzeko lanetan dabilena azpimarratu du Jakineko zuzendariak. Gernika edo Antzuolako kasuak aipatu ditu. Errepresioa edo gatazka «sufritu zutenen seme-alabek ez dute eskatu, belaunaldi isila izan dira; bilobak ari dira orain memoria eskatzen».

Fikzioa, errelatorako ariketa

Errelatoa, noski, egitate historikoek, gertakizunek, bizipen errealek osatzen dute. Baina ez hori bakarrik. Fikzioak ere joka dezake rol garrantzitsua eginkizun horretan. Eta hain justu, horri ere erreparatuko diote jardunaldietan. «Askotan, fikzioak historiak baino hobeto kontatzen du egia». Gai arantzatsua dela dio; izan ere, zenbait objektu kultural errelatoaren batailaren mesedetan jarri direla deritzo. Fernando Arambururen 'Patria' eleberria jarri du adibide gisa. «Operazio politiko bat bihurtu da, mass media guztia sartzen da, botereek babesten dute eta sorkuntza lana operazio-kultural objektu bat bihurtzen da».

'Negu Hurbilak' filma zuzendu duten Mikel Ibarguren eta Ekain Albitek izango dute jardunaldiei itxiera emateko ardura. Filmaren proiekzioaren ostean hartuko dute hitza zuzendariek. Lanak, errepresio politikotik ihes, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira muga zeharkatu nahi duen gaztearen istorioa kontatzen du. Bide horretan, Zubietara iritsiko da Jone Laspiurrek haragitutako izenik gabeko protagonista.

Ekainaren 20an eta 21ean, Usurbilen egingo dira Jardun jardunaldiak. Izen ematea ekainaren 17a arte dago zabalik.