IRRATIA

Soreasu antzokian izango du hurrengo geldialdia Idoiaren ‘De amar y desandar’ diskoaren birak

Aramaioko artistak udaberria heltzearekin bat loratu zuen bere disko berria. Sendatze moduko bat izan da diskoan kontatzen diguna, gaixo dagoen landare baten loratzearen modukoa izan dela esan daiteke. Igande honetan Azpeitiko Soreasu antzokian aurkeztuko du ‘De amar y desandar’ Idoia Asurmendik.

Lore gaixo baten sendatze moduan aurkeztu du ‘De amar y desandar’ diskoa Idoiak. (Eider BALLINA)

This browser does not support the audio element.


Apirilaren 13an Eibarko Coliseo antzokian hasiera eman zion birari igande honetan, ekainak 9, emango dio bukaera Azpeitiko Soreasu antzokian Idoiak. ‘De amar y desandar’ diskoa antzokietan ibili da aurkezten batez ere Aramaioko musikari gaztea. 2022ko otsailean, Madrilen, hasi zen nolabait ere disko honen sorrera prozesua. Otsailaren 6an Shinova taldearekin igo zen oholtzara Circus Price antzokian, ‘Gigantes’ kantua elkarrekin abestu zuten, gerora ‘9 de febrero’ kantua etorriko zela jakin gabe. 

Bada, ‘9 de febrero’ kantuarekin hasten da Idoiaren lan berria. Antsietateaz ari zaigula dirudi, barrua hutsik sentitzeaz, eta, horregatik, zulotik hasten da diskoa, gaixotasunetik. Landare baten biziberritze moduan ulertu behar delako Idoiaren ‘De amar y desandar’, landare hauskorra, orkidea kasu. Hauskor entzuten da diskoa zabaltzen duen abestian ahotsa, hammondaren berotasunak lagunduta, oso britainiarrak egiten zaizkigun doinuetan.

Maria Osesen hitzak dira ‘Autofikzioa’ kantuan Idoiak musikatu dituenak. Oso tribala den kantua, Hego Amerikako Andeak eta Ipar Amerikako Mendi Harritsuak batu dituela dirudi abesti honen bitartez musikari arabarrak. Michael Enderen ‘Momo’ liburuari keinua egin dio, berriz, izen bereko kantuan. Lore bat edukitzekotan zaindu egin behar dela esaten digu hemen, elektronika ukituak dituen kantu akustikoan, pianoa eta gitarra baino ez dituena ia-ia.

Nork bere burua zaintzeaz hitz egiten digu lehendabiziko hiru kantuetan eta elkar zaintzeaz hitz egitera pasatzen da laugarrenean, ‘Sarearena’ abestian. Aurreko diskotik, ‘Ilun eta abar’ lanetik, jarraikortasuna mantentzen duen abesti horietakoa da. Haritz Olaeta letren egilea rapeatzen jarri du sokazko instrumentuz eta akordeoiarekin lagundutako melodiaren bueltan. Kanon moduko bat ere sortzen da erritmikan egiten dituen jolasen ondorioz.

Hortik eta bukaeraraino gaztelerak hartzen du diskoa. ‘La castellana’ kantuarekin Gaztelako lurralde lehorretara bidaiatzen dugu musikalki ere. Hamabi sokako gitarra, oskolak, haizezko instrumenduak… soinu trataera benetan landu batekin guzita. ‘Mi vida huele a flor’-ek ematen dio segidan. Introan Maurice Ravelen ‘Bolero’ klasikoa etorri zaigu burura, tangotik hurbilago dagoen abestia den arren. Elvira Sastre idazlearen hitzak ditu kantuak, loratzeaz hitz egiten du, bizitzan aurrera egiteaz. Hasierako zulotik ihes egiten ari da hemen, beraz, Idoia bera ere.

Oso kolonbiarra den kantu bat dugu ‘Un último baile bajo el aguacero’. Mendialdeko bezain Karibeko Kolonbiako doinuak dituena, Carlos Vivesek berak sinatuko lukeen abesti horietakoa. ‘Tupanachiskama’ edota ‘guajira’ bezalako hitzei Bogota bezalako hirien aipamenak gehitu behar zaizkio. Kolonbian pasa zuen denbora bat Idoiak, ez dakigu sendatzera bertara joanda edota bestela, baina energiaz beteta itzuli zela argi uzten digu berriz ere Kolonbiara bueltan eramaten duen abesti hau sortzeko.

‘Calma’ da diskoa ixten duen kantua. Diskoaren sendatze prozesu guztia laburbiltzen duen abestia. Lehen abestiko krisi hura gainditu duela kontatzen diguna. Gitarra eta ahotsa, besterik gabe, eta errezitatzen duenean gordin, bizipen guztiak bezain gordin.

MusikHaria saioan izan zen diskoa kaleratu zuenean, eta, orain, goiko aldean dago elkarrizketa entzuteko moduan.

Aretoetako azkena Azpeitian

Soreasu Antzokian izango da diskoaren aurkezpen birako azken geldialdia. Eibar, Mungia, Bilbo, Andoain, Gasteiz, Donostia, Madril eta Viniegra de Abajo bisitatu ostean, Gipuzkoako erdialdean izango da azken aukera, momentuz. Sarrera batzuk geratzen dira oraindik ere igandean, 20:00etan, izango den emanaldirako.