«Aurkeztuko dugun zirriborroa hobetzea da larunbateko saioaren helburua»
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua den EHGAMek antolatuta ‘Nola landu LGBTI+ gaiak eta biografiak Wikipedian?’ lantegi irekia egingo da ekainaren 8an Donostiako Teila Fabrikan. EWKEko Aiora Mujikak eman dizkigu xehetasunak Bigarren Kafean.
This browser does not support the audio element.
«Esperientzia pertsonal batetik dator egitasmoaren jatorria. Trans pertsona baten artikulua irakurtzen ari nintzenean ohartu nintzen bazeudela hobeto idatzita egon zitezkeen gauzak. Ez ziren asmo txarrez egindako gauzak, jakintza faltagatik egindakoak baizik. Niri ere gauzak ondo eta errespetuz idazteko baliabideak falta zitzaizkidala jabetu nintzen».
Gida zirriborro bat prestatu dute EWKEk eta EHGAMek. Mujika eta Ibai Fresnedok ondu dute gida hori. «Ekainaren 8an zirriborro hori aurkeztuko dugu eta hori osatu eta hobetzea izango da asmoa. Komunitateak hori hartu, onartu eta inplementatzeko urratsak zeintzuk izan behar duten zehaztu beharko da hortik aurrera».
Komunitateak eztabaidatzeko gida ireki bat prestatzea zen helburua. «Jendeak ekarpenak egitea nahi dugu. Zer erantsi, zer kendu, zer aldatu hobeto ulertzeko… Horrez gain, kasu praktikoen inguruan ere aritu nahi dugu, sortzen diren kasuistika ezberdinen adibideek gauzak modu argiagoan ikusteko aukera emango digutelako».
Izena emateko epea zabalik dago eta ahalik eta jende gehienarentzat irekia izatea nahi dute. Saiora hurbiltzerik izango ez duen baina gai horretan interesa duten pertsonei ere izena emateko eskatzen zaie, larunbatean zirriborroaren inguruan lantzen dena bidaliko zaielako gero beraiek euren ekarpenak egin nahi izatera ere.
Entzun Aiora Mujikarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.