IRRATIA
Interview
Nerea Iglesias eta Izar Mendiguren
Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kideak

«Aiaraldeko komunitate euskaldunak behar dituen tresnak eskaintzea du xede Ekintzen Faktoriak»

Duela hiru urte zabaldu zituen ateak Ekintzen Faktoriak Laudion. Baina Aiaraldeko euskaldunentzako arnasgune den proiektuak 2010ean hasi zuen bere bidea. Amesteko espazioa den arren, ametsetatik ekintzetara salto egitea posible dela frogatzen duen proiektua dela diote Iglesiasek eta Mendigurenek.

550 bazkide inguru ditu Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak. Duela 3 urte zabaldu zuten espazioa Laudion. (Raul Bogajo | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Industriak eta landa eremuak paisaia eta errealitate berezia josten dute Aiaraldean. Bizkaia eta Araba arteko mugaldan, bederatzi udalerriz eta 55.000 biztanle inguruk osatutako eskualdea nagusiki eremu erdalduna da. Baina bertako euskal komunitateak badu bere habia: Aiaraldeko Ekintzen Faktoria. Pasa den larunbatean hiru urte bete ziren Laudioko industriagunean pabiloi berezi hau zabaldu zutenetik.

Proiektuaren ernamuina, ordea, atzeragotik dator. Izar Mendigurenek azaldutako moduan, 2009an eskualdeko hainbat lagun hasi ziren biltzen, eskualdean euskarazko komunikabideen arloan zegoen hutsunearekin kezkatuta. 2010. urtean aurkeztu zuten Amurrion Aiaraldea tokiko komunikazio proiektua. 2014an gogoetak berrartu eta Aiaraldea.eus-ek euskararen biziberritzean, normalizazioan eta erabileran egiten zuen ekarpena, beste eremu batzuetan ere egiteko beharra zegoela ondorioztatu zuten. Komunitatea lantzeari ekin eta, urteek aurrera egin hala, lan-ildo berriak hartu zituzten proiektuaren gain: elikadura burujabetza, hezkuntza, kultura, feminismoa, ekonomia sozial eta eraldatzailea...

Bazterretik erdigunera salto egiteko asmoz, espazio fisiko baten beharra identifikatu eta ametsa errealitate bihurtzeari ekin zioten. Komunitate euskaltzalearen ekarpen ekonomiko eta sozialari esker Laudioko industriagunean kokatutako pabiloia erosi, auzolanean atondu, lanak egin eta 2021ean zabaldu zituen bere ateak aurten hiru urte bete dituen Ekintzen Faktoriak. Elkarte izaeratik kooperatibarako jauzia eman zuten horrekin batera.

750 metro karratuko espazioan ekonomatoa, oholtza, areto nagusia, sukaldea, bulegoak... kabitzen dira, eta askoz gehiago. Aiaraldeko komunitateari zabaldutako eskaintza soziokultural aberatsa ontzen dute Faktoriako kideek. Antolatzaile izatez gain, eskualdeko eragileek haien egitasmoak antolatzea «erraztea» ere dute helburu, Nerea Iglesiasek azaldutako modua. Mendigurenek Iglesiasek erabili ohi duen esamoldea ekarri du gogora: «Matryoshkaren logika» darabil. «Faktoria da gure aterkia, baina aterki horren azpian eta inguruan proiektu eta jende asko ari da dantzan», borobildu du Mendigurenek.