«Europako eraikuntza ulertzeko beste modu bat dugu hemen eta ultraeskuinak ez du tokirik»
Ultraeskuinari mugak jarri eta oinarrizko eskubideen defentsa egingo du EH Bilduk Europako Parlamentuan. Egiteko hori herri gisa eta ahots propioz egingo du. Bide hori indartzeko, hautagaitzarik ez aurkeztu eta EH Bildurekin bat egitea erabaki du EH Baik. Oier Imaz izango da zazpigarren zerrendan.
This browser does not support the audio element.
Ultraeskuinari bideak itxi eta herri gisa aurkezteko asmoz, Europako Parlamenturako hauteskundeetan EH Baik bere kabuz hutagaitzarik ez aurkezteko erabakia hartu du. Horren ordez, Oier Imazek EH Bilduren hautagaitzan parte hartuko du zerrendakide gisa. Unean uneko testuingurua eta hauteskunde deialdi bakoitzaren nolakotasunen arabera erabakitzen du EH Baik zein formularekin aurre egin hautetsontziei. Eta oraingoan zerrenda propiorik ez aurkeztea ebatzi du militantziak.
Oier Imazek dio Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako egoera «berezia da». Azaldu duenez, EH Bairen pisu espezifikoa txikia da barruti antolaketan eta ondorioz koalizioan aurkezteko beharrean daude beti. Otsailean egindako batzarrean gehiengo zabalez erabaki zuten, ekainaren 9ko hitzorduari begira, Regions et Peuples Solidaires-en hautagaitzan ez parte hartzea. «Europako proiektuaren aurrean herri gisa kokatzeko» eta euskal abertzale eta ezkertiarren ordezkaritza lortzeko apustuarekin bat eginez, EH Bilduko hautagai izango da Imaz.
Hauteskunde zerrenda nazional bat osatzea ez da posible, Imazek zehaztu moduan, «bi estaturen menpe egonik» barruti desberdinetan hautatzen baitira Europako Parlamenturako euskal ordezkariak. «Behartuak gaude irudimenez egoerak jartzen dizkigun baldintzei aurreratzen». Egoera ez dela desiragarria dio, eta beraz, soluzioak «inperfektuak» direla aitortu du zerrendakideak. Aldi berean, Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleek euren ahots propioz mintzatzeko aukera izango dutela deritzo, eta ozen aldarrikatzeko «Euskal Herriak Europa herrietatik ulertzen duela, jendearekin batera eta ezkerretik».
Kezkak eta aukerak
Imazek eskuinmuturra eremuak irabazten ari dela eta horrek Europako politiketan zuzeneko eragina duela uste du. Kezka horri aurre egiteko «olatu ultraeskuindar horren kontra» kokatu du bere burua EH Baik eta hauteskunde kanpaina mezu hori zabaltzeko baliatuko du aktiboki. Hainbat hitzaldi antolatuko dituzte datozen egunotan.
Europan egiten diren politikek egunerokoan kezka iturri diren aferekin lotura dutela sinetsita, «saiatuko gara adierazten hauteskunde hauetan herri gisa aurkezten dugula gure burua eta Europa eraikitzeko eredu bat dela aurkezten duguna». Euskal Herria eredugarri izan daitekeela deritzo: «zorionekoak gara, badugu zer erakutsi, alternatibak aurkezteko gai garelako eta gure eguneroko beharrei erantzuten dietelako alternatiba horiek».
Europan ultraeskuina gainditutzat ematen ziren eta blindatuak ziren eskubideak kinka larrian jartzen ari direla nabarmendu du Imazek. «Kontra egitea batzuetan lehentasun bat da». Ultraeskuinaren gorakadak berriz ere oinarrizko eskubideen defentsa egitea lehentasunezko bihurtu duela dio, «oinarrizko eskubideak eztabaidan» jartzen dielako.
Finean, hiru kolpetan laburtu ditu Imazek Europar Batasunari begirako jardunaren lehentasunak. Lehena, ultraeskuinari mugak jarri eta oinarrizko eskubideen defentsa egitea. Bigarrena, Europako eraikuntzari begirako alternatibak eta ereduak mahaigaineratzea. Eta hirugarrena, herri gisa aurkeztea Euskal Herria Europan: «Estatuen Europak pitzadura asko adierazi ditu, zilegitasun arazo bat du. Europako eraikuntza prozesuari ekarpena egin behar diogu ulertuz herriek badugula bertan gure kabuz hitz egiteko eskubidea, baita gogoa eta gaitasuna ere».