«Kuba superpotentzia emozional bat da»
Cubadisco 2024 musika jaialdian dago Jon Maia. ‘Kantu berri bat gara’ ikuskizuna aurkeztera joan da, eta Silvio Rodriguezekin egoteko aukera izan du. Geurean aurkeztu zuen abeslari kubatarrarekin egindako ‘Nostalgia’ kanta, eta geurean izan dugu jaialdiaz hizketan.
This browser does not support the audio element.
«Zoramen eder batean murgilduta» dago Jon Maia bertsolaria. Kubaraino bidaiatu du Cubadisco 2024 jaialdian parte hartzeko, bere ohiko taldearekin: Pello Ramirez, Nerea Quincoces, Gorka Hermosa eta Nacho Soto. «Hamar egunetan zehar hainbat kontzertu antolatu dituzte, mundu osoko musikariekin» kontatu digu Maiak.
Bidaia berezia izan da, Silvio Rodriguez eta Omara Portuondorekin egoteko aukera izan baitu zumaiarrak. «Ume bat bihurtzen naiz horrelako erraldoien aurrean» esan digu, eta horregatik, «oso ondo pentsatuta» eraman zituela «esan beharreko gauza guztiak».
NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan estreinatu zuen Silviorekin egindako ‘Nostalgia’ abestia, eta berarekin egon ostean, ea zer kontatu zion galdetu nahi izan diogu saio berean.
Kaixo Jon, zer moduz doa Kubako egonaldia?
Oso ondo. Hemen eguerdia eta zoragarri gabiltza. Hemengo zoramen eder honetan murgilduta eta hirian erabat sartuta. Hemengo esperientzia bizitzen intentsitate handiz.
Han emarian egotea besterik ez dago eta planifikazioak beste logika batzuk bizi ditu han, eta hantxe zabiltzate, egokitzen eta gozatzen.
Hori da. Haien erritmoan sartu beharra dago. Hau Cubadisco izeneko ekitaldi bat da, beraientzat oso garrantzitsua, urteko musika sariak banatzen dituzte eta azoka moduko bat da. Ez da Durangoko Azoka moduko bat, baina beraien musikan oinarritua da eta hamar egunetan zehar hainbat kontzertu eta nazioarteko musikari daude bertan. Hemen gabiltza, atzera, aurrera, musikari desberdinak ezagutzen. Bart gala nagusian izan gara. Omara Portuondori eman diote bizitza osoko saria eta, pentsa, bidaia berean, Habanan, Silvio eta Omara Portuondo ikusi ahal izatea sekulakoa da.
«Hunkidura handia sentitzen dut, batzuetan gainezka egiten dit eta benetan pribilegiatu sentitzen naiz halako munduko erraldoiekin zerbait partekatu ahal izateaz»
Ikusi dugu X sarean Omara Portuondoren bideo bat igo duzuela. Ez dakit Jon Maia zenbateraino den ‘mitomano’, baina erraz bihur liteke bat ‘mitomano’ ordu gutxitan Silvio Rodriguez eta Omara Portuondo parean izanda. Horri ihes egiterik ez dago.
Ez dakit hitza ‘mitomanoa’ den, baina ia-ia ume bat bihurtzen naiz halako erraldoien aurrean. Hunkidura handia sentitzen dut, batzuetan gainezka egiten dit eta benetan pribilegiatu sentitzen naiz halako munduko erraldoiekin zerbait partekatu ahal izateaz. Miresmen handia sentitzen dut horrelako jendearekin.
Nolakoa izan da zure musikarekin batu eta euskaraz kantatzen entzun genuen Silvio Rodriguezekin aritzea? Irakurri dizuegu oso hurbilekoa dela.
Dirudienez, Silviok eskaera asko ditu mundu osotik, eta ez genekien berarekin egon ahal izango ginen. Hemengo lagun batzuekin ere, La Bombilla Verde tabernako lagunekin, tartean euskaldunen bat, hemengo kamerari batekin, Etxepare Institutuaren bitartez... haien bitartez ere lortu ahal izan genuen zita. Ez dugu jakin azken ordura arte, baina azkenean bai, berarekin egon ahal izan ginen Jala estudioetan. Azkenean ordu eta erdi egon ginen berarekin, luze eta zabal, lasai, gauza askori buruz hitz egiten. Oso gizon umila, hurbila eta atsegina da, eta jakintsua. Oso ondo pentsatuta eraman nituen esan nahi nizkion guztiak. Gero damutu egiten zara, hau edo bestea esan izan banio, baina partekatu nahi nituen guztiak buruan eraman nituen, batez ere nola eskertu euskaraz kantatzeko egin zuen ahalegina. Eta egiaztatu ahal izan genuen Euskal Herriarekiko kariño handia daukala. Hitz egin zigun Euskal Herriarekin duen bere harremanaz ere, beste gauza askoren artean.
Sare sozialetan ikusi genuen Habanan hitzordu nagusi batzuk zenituztela. Azkenean, hau guztia horrela gertatu da edo aldakortasun horretan hitzordu gehiago sortu dira? Nola bizi duzue Cubadisco jaialdi hau?
Orain arte kontzertu bat eman dugu eta, soinu frogekin bariazio handiak izan bagenituen ere, gero esandako orduan hasi ginen eta oso pozik. Publikoan euskaldunak ere izan genituen. Beste hitzordu bat daukagu Casa del Alban ere, kultur etxe batean, guretzat egokiagoa den gune batean. Baina hemen arazoak dituzte erregaiarekin, ez dago erregairik. Apenas dago garraio publikorik edo garbiketako kamioiak ere oso gutxi ikusten dira. Erabat setiatuta, blokeatuta daude, beraz, barruan dutenarekin eta laguntza humanitarioarekin moldatu behar dira. Eskasia handia dute, kontrastez betetako hiria da, eta hala ere, saiatzen dira gauzak ahalik eta duintasun handienarekin egiten. Eskasia horren barruan, daukatenarekin antolatzen dituzte gauzak.
Silviorekin izan zinetenean, halako eduki bisual batzuk ere pilatu zenituzten.
Gu dena grabatzen ari gara eta Silviorekin izan genuen elkarrizketa guztia grabatua dago. Dokumentu historiko bat da. Ez dira aukera asko suertatzen bizitzan halako pertsona batekin egoteko, ahots unibertsal bat da Silvio, eta gurekin, Euskal Herriarekin, euskararekin daukan harreman berri hori jasotzea altxor bat da. Ari gara saiatzen gauza gehiago grabatzen egonaldi honetan, eta ez dakit ze erabilera izango duen, baina altxorra ja badaukagu.
«Dena grabatzen ari gara, baita Silviorekin izan genuen elkarrizketa ere. Dokumentu historiko bat da. Euskal Herriarekin, euskararekin daukan harreman berri hori jasotzea altxor bat da»
Ba al da Silvioren hitzik, iltzatuta geratu zaizunik?
Kontatu zigun oso anekdota polit bat Euskal Herriarekiko. Esan zuen berak betidanik dakiela Euskal Herriak zenbat lagundu dion Kubari, bera askotan egon dela Euskal Herrian, Mikel Laboa zenbat miresten zuen, Antxon Ezeiza, Juan Gorriti ere ezagutzen du... Holako gauzak eta anekdotak kontatu zizkigun, baina kontatu zigun duela astebete bere senide bat ospitalera eraman behar izan zuela, eta ospitale kanpoan anbulantzia bati argazki bat atera ziola. Eta norbaitek esan ziola, ‘Silvio, argazkilaria ere ba al zara?’. Eta ezetz esan zion, ‘baina begira zer jartzen duen anbulantzian’. Euskal Herriak egindako donazioa zela jartzen zuen. Nik esan nion kantuak beharrezkoak direla bizitzeko, baina eskerrak anbulantziak egiten dituzten pertsonak dauden. Kubak anbulantziak ere behar ditu, ez kantuak bakarrik.
Nola lotu gaituzten kantuek beste lurraldeekin. Mikel Laboa ere agertu da, berak ere lotuko gintuzke George Moustakirekin edo Atahualpa Yupankirekin. Kantuak ere badira herriak lotzeko bideak.
Bai, noski. Silviori eskainitako sei orrialdeko poema bat irakurri dut, ‘Kantu Bat Gara’ epilogoan egiten duguna; hemen ez du balio euskaraz, eta egin dut berdina, baina dena Silvioren kantuen esaldiekin. Horrekin amaitu dut kontzertua. Jendea negarrez ikusi nuen, eta berari ere oparitu nion poema hori, bera ere hunkitu zen. Eta bertan esaten dut gauza bat, eta da Kubak ezin duela ia ezer esportatu, setiatuta dago, ito egin nahi dute, baina Kuba superpotentzia emozional bat da, beraiek esportatu dizkiguten kantu guztiak, utopia guztiak, erritmo guztiak, mundu osoan zehar Kubatik esportatu den kantu armamentu hori guztia, oso herrialde gutxik daukate gaitasun hori. Ez dira misilak, ez dira armak, baina mundu hobe bat egiteko Kuba ezinbestekoa da.