«Eliteen interesen arteko talka» baten gatibu dira berriz ere georgiarrak
Atzerriko Eragileen Legeak Georgia polarizatu du beste behin ere, mendebalde-zale eta subiranotasun geopolitikoaren aldekoen artean. Europan, nagusitu den kontakizunaz harago joanda, Georgiak suposatzen duen kultur eta interesen bidegurutze batez hitz egin du EHUko irakasle Asier Blasek.
This browser does not support the audio element.
Kaukasora bueltatu da Mundu Bat Herri. Azken urteotan ospea hartu du herrialdeak, bereziki mendizaleen artean, bertan antzeman baitaitezke munduko mendikate politenetako batzuk. Badira ere goi-mendia alde batera utziz, Georgiak duen ardogintza sektore garrantzitsura gerturatzen direnak ere. Eta hauez harago, asko dute eskaintzeko georgiar herriak: kartveliar familiako hizkuntza isolatu eta interesgarria (alfabeto propioa duena), kanta eta dantza tradizionala edota aberatsa bezain goxoa den gastronomia.
Horiek eta gehiago, eskaintzen ditu Kaukasoko herrialde honek; baina era berean, munduko eskualde honek duen konplexutasunaren ordezkari da: «jendeak daukan irudia da Europako herrialde bat izango balitz bezala», dio Asier Blas EHUko irakasle eta zientzia politikoetan doktoreak, «baina geopolitikoki kokatzen den tokia, Asia mendebaldea da. Tbilisin autoz baldin bagabiltza, hor ikusiko dugu (trafiko seinaleetan), Teheran 950 km. Eta hori batzuetan ahazten dugu», gaineratu du. Alderaketa geografikoan beste bi datu Georgia ongi kokatzeko. Gertuago dago Europatik Turkia, Georgia baino, eta era berean herrialde honek gertuago du New Delhi Indiako hiriburua, Bilbo baino.
Okupatzen duen espazio geopolitikoaren biktima ere bada Georgia, eta hori herrialdeak 1990. hamarkadan independentzia lortu zuenetik jasaten duen ezegonkortasun politikoan ikus daiteke. Herrialdean hainbat egunez protesta jendetsuak eman dira eta pasa den maiatzaren 14an ehunka herritar parlamentuan sartzen ahalegindu ziren, ganbera barruan legebiltzarkideek kolpeka amaitu zuten bitartean, lege polemiko bat dela-eta; «eliteen interesen arteko talka» agerian utzi duen lege bat
Polarizazioaren legea
Atzerriko Eragileen Legeak, euren finantzaketaren %20 baino gehiago atzerritik jasotzen duten eragileak erregistratzea aurreikusten du (saio hau zuzenean emititu zen unerako legea eztabaidatzen ari ziren, eta hurrengo egunerako onartu zen), GKE, fundazio eta hedabide askori eragingo liekeena. Alde batetik zentzuzkoa da "errusiar legetzat" jotzen duten horiek legearekiko duten mesfidantza, izan ere, herrialde txiro honetan izandako esperimentu liberalaren ostean, «gazte jendeak etorkizunean profesionalki aurrera egin ahal izateko» aukera ikusten du Blasen esanetan, eta ondorioz «atzerritik heltzen den diru horri eutsi nahi diote».
Bestelakoa da ordea lege honekin egin den kontakizuna, hipokritatzat ere jo daitekeena. EHUko irakaslea zehaztu duenez, Atzerriko Eragileen Lege georgiarra ez da hedabide batzuek dioten bezain arrotza Europarentzat. «70 herrialdek dute horrelako lege bat. Eta duela gutxi horrelako lege bat onartu dut Europako Batasunak errusiar finantzaketa jasotzen duten elkarte eta hedabideentzat. Ez da zerbait berria». AEB-k antzeko lege bat dute, Erresuma Batuak ere eta blokearen barruan, baita Austriak edota Hungariak ere.
Legearen alde egiten duena Georgiar Ametsa alderdi ofizialista da, hauteskunde bidez boterera heldu zena. Aurretik aipatutako sektorearen aurrean, subiranotasun handiagoa defendatzen du alderdi honek, baina era berean ez du ideologia zehatzik eta hainbat oligarkari estuki lotuta dago.