IRRATIA

Grand Theft Auto VI 2025ko udazkenean estreinatuko da

Dena ondo badoa, behintzat: bideojokoen industriako ekoizpenik garestienetakoa berandutzea ez litzateke harritzekoa izango. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletara iritsiko dira Lucia eta Jason bikotearen Vice City hiriko abenturak.

This browser does not support the audio element.


Grand Theft Auto VI desiratuarekin —bideojokozaleek gehien espero duten titulua da, inolako zalantzarik gabe— hasi dugu aste honetako Game Erauntsia irratsaioa. Rockstar Games taldeak 2025erako jasoko genuela agindu zigun duela urte erdi, baina Take-Two enpresak kaleratze data are gehiago zehaztu du azken finantza txostenean: datorren urteko udazkenean jasoko dugu.

Bestalde, Ubisoftek Assassin’s Creed frankiziaren atal berria erakutsi digu: AC Shadows izenarekin, 1579. urteko Japoniara bidaiatuko dugu oraingoan. Bi protagonista kontrolatuko ditugu: alde batetik Naoe ninja izango gara; bestetik, Yasuke samurai atzerritarra. Argitaratze data iragarri digute, nahiz eta oraindik ez dugu jokaldirik ikusi: azaroaren 15ean merkaturatuko dute.

Albisteekin bukatuz, euskaratutako bideojoko berria ezagutu dugu. Gatekeeper roguelike abentura itzuli du Beñat ‘Katukinabarra’ Ramos zaleak: sarbide goiztiarrean estreinatu da PCan, eta ofizialki aurkituko dugu gure hizkuntzan.

Ez da saioan aipatu dugun roguelike bakarra izan: Hades 2 ikaragarria ere aurretiazko sarbidean kaleratu du Supergiant Games taldeak, eta dagoeneko hainbat orduz probatzeko aukera eduki dugu. Dakartzan berritasunak eta erresumak ezagutzeari ekin diogu irratsaioan, baita Melinoë protagonista berriaren gaitasunak ere.