«Uda amaigabe batean bizi gara Gold Coasten»
Surfeko taularen gainera igotzeko gonbita luzatu digu Ana Manso Fernandez bidaiariak: Australian bizi da orain bi urtetik. Txikitatik izan du amets uharte erraldoian denboraldi batez bizitzea, eta unibertsitate-ikasketak amaituta erabaki zuen munduaren beste puntara jotzea.
This browser does not support the audio element.
Fauna eta flora exotikoz betetako oihanak, hondartza amaigabeak, desertua, mendia... «Paradisutik gertu» dabil Australia, bidaiariaren hitzetan. Guztia ez da urre uhartean, ostera, ez eta Gold Coast-en ere. Australiako ateak ez daude edonorentzat irekita eta ez da erraza herrialdean sartzeko eskatzen diren irizpide zorrotzei zirrikitua topatzea. Mansok berak ere hasiera korapilatsua izan zuen irla zapaldu eta gero ere: «Bi hilabete eman nituen etxea bilatzen. Batzuk beren jaioterrira itzuli ziren, aukera eskasak zeudela ikusita». Lo egiteko tokiaz gain, oso zaila omen da lana topatzea: «Behin behineko kontratuak izan ohi dira. Hala, lan-karga txikia denean, bota egiten zaituzte». Bere lagun taldean, bataz beste, bakoitzak hiruzpalau lan dituela kontatzen du: «Paradisua pixka bat desromantizatu egiten duzu».
Nolanahi ere, lanak lan, eta, buruhausteak buruhauste, aspalditik zaletasun duen surfa egiteko hondartza ederrak ditu bidaiariak, etxe ondoan. Goizean goiz sartzen da itsasora, «lehen orduan ez baitago haize handirik». Eguzkiak gehiago ematen duenean nahastu egiten dira urak eta zailagoa da surfean aritzea: «Olatuak hartzeko toki onenak niretzat hondartza txikiak eta badiak izaten dira».
Tarteka egoten den itsaso nahasia ez ezik, bada kontuan hartu beharreko beste zerbait ere: marrazoak. «Abisu pila jasotzen dituzte sorosleek. Askotan, uretara sartzea debekatzen dute», argitu digu. Marrazoak ez, baina izurdeak ikusi izan ditu Mansok surfean izan denean: «Susto galanta hartzen duzu, momentuan ez baitzara marrazoaren eta izurdearen artean bereizketa egiteko gai». Askotan, uretara sartu eta hamar minutu egon izan da, soilik, olatuen artean: «Paranoia sartzen bazaizu, itzalak toki guztietan ikusten dituzu».
Australiara iritsi bezain pronto, bi aholku jaso zituen bidaiariak: lehenik, olatu politak egon arren, ez dela gomendagarria itsasora sartzea inor uretan ikusi ezean. Bigarrenik, kaio asko ikusiz gero uretan, ez dela gomendagarria sartzea, ziurrenik, inguruan arrain asko egongo direlako eta horrek esan nahi duelako marrazoak gertu daudela.
Herrimina eta euskal musika
Tarteka, herrimina sentitzen du elkarrizketatuak. Zer egin horrelakoetan? «Euskal musika entzun ohi dut, txosnetara gerturatzen nau». Nahiz eta ia bi urtez etxea ez zapaldu, birritan, Euskal Herria gertu sentitzeko aukera izan du, Maria kuadrillako laguna eta Irene ahizpa bisitan joan zaizkionean: «Beren begiekin ezagutu dute nik hainbestetan kontatu diedana». Egunerokoa eten eta aitzakia ederra izan dira biak ala biak uhartea bera nahiz inguruko herrialderen bat edo beste bisitatzeko.
Ekainean amaitzen zaio bisa Mansori, eta, oraingoz, ez omen du argi zein izango den hurrengo geltokia. Zaila egiten zaio bere buruan galdera horri erantzuna topatzea. Gauza bat, ordea, oso argi dauka: biderkatu egin zaio bidaiatzeko grina.