IRRATIA

«Egian euskara ikasteak norberak bere identitatea sortzeko balio izan zuen»

Egia auzoaren alfabetatze eta euskalduntze prozesua ikertu du Enara Varea Letona antropologoak. Gordegian egin zituen praktikak eta haiek eskatuta eman dio forma ‘Helduen euskalduntze alfabetatzea Egian’ dokumentalari.

This browser does not support the audio element.


XIX. mendean baserri auzoa zen Egia. «Donostiako harresietatik kanpo zegoen, Urumea ibaitik ia Intxaurrondoraino iristen zena, baina ez zen gaurko Egia. 50 baserri inguru izango ziren. Baserri auzoa izateari utzi zionean, migrazio fluxu handia jaso zuen Egiak eta auzo euskaldun bat izatetik auzo erdaldun bat izatera igaro zen».

Aldaketa urbanistikoa eta soziala izan zen eta Euskal Herritik zein kanpotik iritsi zen jendea Egiara, bertan zeuden lantegietan lan egitera. Horri frankismo garaian gertatutakoa erantsi behar zaio. «Familia batzuk euskara mantendu zuten baina beste askok ez, beldurragatik, eta galtzen joan zen».

«Frankismoaren azken urteetan lehen euskal eskola klandestinoak agertu ziren eta ondoren, frankismo osteko lehen urteetan indartu zen euskararen berreskuratzea Egian». Asko izan ziren gau eskoletan izena eman zutenak eta Villa Salia eraikina auzoaren esku geratzeak ere bultzada handia eman zion. «Egiaren komunitatearen parte izateko aukera zen, norberak bere identitatea sortzekoa».

Entzun Enara Varea Letonarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.