IRRATIA

«Trabajadoriak», Frankismoan bortxaz lanean ibil ziren presoak Lezon eta Oiartzunen

Miguel Angel Barcenilla Lezoko Etxetxo memoria elkarteko kideak «Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942» lana egin du, «trabajadorien» memoria ahaztu ez dadin. Aldi berean, Oiartzungo Arkale mendian esklaboen barrakoi bat berreraiki du Kattin Txiki elkarteak.

Iñaki Pikabea eta Juan Cruz Eceiza Kattin txiki elkarteko kideak, Oiartzungo Arkale mendian dagoen barrakoian. (Naiz Irratia)

This browser does not support the audio element.


Asteburu honetan askok hartuko dute Lezo eta Hondarribia arteko errepidea edo Aritxulegikoa. Aipatu ditugun bide horiek, ordea, ez ziren bat-batean eraiki. Esklaboek burutu zituzten eraikuntza lanak Frankismoan. «Trabajadoriak» izenarekin gelditu dira historiarako.

Horri buruz gehiago jakiteko lan mardula egin du Miguel Angel Barcenilla Lezoko Etxeko memoria elkarteko kideak: «Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942». Barcenillak hitz egin du, besteak beste, ea euskal gizarteak ezagutzen ote duen behar beste bortxazko lanen bidez egindako errepideen egiletza, baita zein zen eraikuntza lan horien helburua ere. Gaiaz aritu da NAIZ Irratian.

Lezok ez ezik, Oiartzunek ere badu zerikusia Frankismoan bortxan lanean ibili ziren presoekin. Arkale mendian trabajadoreen barrakoi bat berreraiki du Kattin Txiki elkarteak. Iñaki Pikabea eta Juan Cruz Eceiza Kattin Txiki elkarteko kideek NAIZ Irratian azaldu dute nolakoa den presoen barrakoia, zenbat lagun egon ziren bertan lanean, eta zortzi preso fusilatu zituztela.

Barcenillak kontatu du lekukoen arabera gerra bukatzean Lezon beste gerra bat hasten ari zela zirudiela, bertara joan ziren militar eta gerra preso kopuruagatik. Lanera ekarri zituzten, eraikuntzan aritu zitezen eraman zituzten ehunka preso eta bertan izan zituzten hainbat urtez.

Batailoi disziplinarioetan antolatutako atxilotuak ziren, hots, oraindik epaitu eta ofizialki zigortu gabekoak. Barcenillak berak azaldu duenez, askok erregimenaren alde ez egotea zuten delitu bakarra eta lehendik kontzentrazio esparruetan egondakoak ziren.

Pikabeak eta Eceizak NAIZ Irratiari eman diote berreraiki duten barrakoiaren berri. Lagina dela azaldu dute, nahiz eta originalak luzeeran zein zabaleran handiagoak ziren. Ezer geratzen ez zenez, garai batean egondakoaren erakusgarri izan dadin eraiki dute barrakoia.

Izan ere, presoak barrakoiak egiteko erabili zituzten, errepideez gain. Hain zuzen ere, egun eraikina dagoen tokian Aritxulegin fusilatu zituzten zortzi pertsonen oroigarria dago. Uste da preso batzuek ihes egin zutela, eta horrelakorik berriz gertatu ez zedin, eskarmentu gisa hil zituztela, ausaz aukeratuta.

Duela bi hilabete inauguratu dute Arkale mendiko barrakoia eta jendeak badauka bere kabuz bisita egiteko aukera. Ez daukate bisitari kopurua zehazteko modurik, baina jakin badakite badagoela gerturatzen ari denik, hau da, jakinmina piztea lortu dute.

Espazio hauek memoriarako toki bilakatu nahi dituzte, Memoria Historikoaren Legearen babespean egon daitezen, bai Oiartzunen berreraikitakoa eta baita Lezon daukaten kanpamendu osoa ere. Beste toki batzuetan desagertu direla eta, garrantzizkoa iruditzen zaio Barcenillari egun arte mantendu dena behar bezala babestea.