«Heterodisidente ororentzat espazio bat sortu dugu; heterodisisente den oro etor daiteke»
Hilaren 26tik 28ra Leitzan Bollotopaketak antolatu dituzte, eta bertara gonbidatu dute heterodisidente den edonor. Tailer, hitzaldi eta aisialdi seguruan elkartuko dira eta honen inguruan aritu da Ibis Ugarte, antolatzaileetako bat.
This browser does not support the audio element.
Elkartu, hausnartu eta saretzea oinarri hartuta, gai ezberdinen inguruan elkartzen gara maiz. Toki askotako jendea leku bakarrera mugitzen gara bakoitzaren errealitatetik babesa eta ezaugarri komunak bilatzeko asmoz, baita hitzaldi zein tailerren bidez gehiago ikasteko gogoz ere. Eta antzerako asmoekin antolatu dituzte hilaren amaieran Bollotopaketak.
«Sistema cisheteropatriarkala apurtu eta subjektu disidente bat sortzen dugu, eta oso garrantzitsua da guretzako beste borrokekin aliantzak egitea; begirada transfeminista daukagu, eta antikapazitismoaren edo antiarrazismoarekin lerrokatzen gara», horrela azaldu du Bollotopaketen oinarri garrantzitsuenetako bat Ibis Ugarte, antolatzaileetako batek. Esan du bollera izatea ez dela orientazio sexuala, subjektu politikoa dela, eta beraz, aipatutako saretzeak beharrezkoak direla.
Leitzan ospatuko diren topaketen inguruan Ugartek kontatu du jendeak zalantzak izan ditzakeela bertaratu edo ez: «Ulertzen ditugu zalantzak, baina heterodisidente ororentzat espazio bat sortu nahi izan dugu; heterodisisente den oro etor daiteke».
Apirilaren 26tik 28ra bitarte, bollera identitatearekin lerrokatzen den edonori Leitzara gerturatzeko deia egin diote, eta bertan tailer, hitzaldi eta aisialdi segurua antolatu dute. Euskal Herriaren markoan kokatuko dira, bertako egoeraren inguruan arituko dira, eta euskaraz. Hontaz eta gehiagoz aritu da Bigarren Kafean Ibis Ugarte.