«Gauzak ez dira berdinak izango apirilaren 21aren ostean»
Euskal Herriak bizi duen «aro aldaketa» honek, «lidergo publikoa» eskatzen duela uste du EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok, eta koalizio abertzalea «prestatu» dela agertoki berrirako. Osakidetza, etxebizitza, polizia eredua edota estatus berria, EH Bilduk heldu nahi dituen gaien artean.
This browser does not support the audio element.
Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lau aste falta direla, eta EH Bildu eta EAJren artean EiTB Focusek berdinketa tekniko bat iragarri ostean, NAIZ Irratiraino ekarri du egoera politikoaren irakurketa Pello Otxandiano koalizio abertzaleko lehendakarigaiak. «Gauzak ez dira berdinak izango apirilaren 21eko hauteskundeen ostean», Otxandianoren arabera, uste baitu ukaezina dela Euskal Herrian ematen ari den «aro aldaketa».
Dionez, «inkestak umiltasunez» hartu behar dira, «baina kontziente gara euskal gizarteak esperantzak eta espektatibak dauzkala jarrita EH Bildurengan eta guk ardura hori gure gain hartzeko konpromisoa daukagu».
Izan ere, 2008ko krisi ekonomikoaren ostean, «hamarkada bat galdu dugula» deritzo lehendakarigaiak, «herri hau prestatzeko aro aldaketa honi aurre egiteko bere gaitasunen barruan». Zabalduko den agertoki berrira begira ordea, EH Bildu «prestatu» dela ziurtatu du «erregenarazio politikoaren akuilu eta motor izateko».
Lehentasunak
Egoera politikoari neurria hartuta, ikuspegi nazionaleko politika aurrerakoiek gorpuztuko dute EH Bilduren programa politikoa, besteak beste, Osakidetzak galdu duen gaitasuna berreskuratzea. Testuinguru honetan, Otxandianok uste du «Osakidetza berriro zutik jartzea izan behar da gure anbizio nazionalaren adierazpen handietako datozen urteetan». Helburu horri jarraiki, Osakidetzarentzako plan berezia aurkeztu du aste honetan bertan EH Bilduk.
Etxebizitza eskubidea populazio osoarentzat gauzagarria izatea edota feminismotik zaintza eredu komunitario bat sustatzea dira koalizio subiranistak mahai gainean jarri dituen lehentasunetako batzuk. «Zaintzen krisi bat pairatzen ari gara», ohartarazi du.
Polizia eredua eztabaidagai
Era berean, azken asteetan izandako esku hartze polemikoen eta otsailean Ertzaintzaren esku-hartze baten testuinguruan (aste honetan eman da kasuaren berri) zendutako gazte baten kasuaren ostean, polizia ereduari buruzko eztabaidari heltzea ere beharrezkoa da Otxandianok dionez.
«Nik uste dut eztabaida politikoan jarri behar dela polizia eredua goitik behera aztertzearen behar hori. Gaur egun hori ez da partekatzen eta zoritxarrez ikusten duguna da guk gogoeta hau egiten dugunero sortzen diren erreakzioak ez direla baikorrak. Nik uste dut arazoa bera ere ez dela partekatzen, edo ez dela partekatu nahi», hausnartu du.