IRRATIA

TENPORA: «Bakoitzak beretik emandakoarekin sortzen da taldearen soinua»

Tenpora taldea izan dugu gaur bisitan Bigarren Kafean. 'Ama' izeneko laugarren diskoa kaleratu berri du Elene Arandia, Juantxo Zeberio, Beñat Barandiaran, Itsaso Etxebeste eta Hasier Oleagak osatzen duten boskoteak, eta gurean izan ditugu Elene eta Juantxo diskoaren nondik norakoak azaltzen.

This browser does not support the audio element.


2013an sortu zuten taldea esperientzia handiko bost musikariok, eta, geroztik, pop, rock, jazz, inprobisazioa eta elegantzia aurki daiteke sortzen dituzten doinuetan. 'Ama' kaleratu zenetik hilabete bat pasa da eta Juantxori galdetu diogu, behin erditzea burutu ostean taldekideen artean zein sentsazioa dituzten.

«Normalean, disko bat grabatutakoan, amodio-gorroto sentsazio bat izaten da. Entzun nahi ez dituzunak, akatsak… entzuten dira. Harritu nauen disko bat izan da. Gutxitan pasatu zaidana ari zait gertatzen. Gero eta gehiago ari zait gustatzen entzunaldiak eman ahala. Entzuteko gogoa eragiten dit».

Prozesua luze joan da, pandemia garaian hasi baitzen konposizio lana. Su epelean egindako bidea da, beraz, 7 kantu berri hauek sortzeraino egin dutena. «Grabatu genuenetik tarte dezente igaro da. Tarte hori igarota, berriz entzuten jarri eta sentsazio positiboak eman dizkit».

Elenek ere prozesuaren inguruko ekarpena egin digu, talde baten autokritika eta sortzeko joeraren artean oreka aurkitzea neketsu bezain ederra dela azpimarratuz. «Beti gauzak hobeto egin nahi dira. Disko batean ordu asko dira. Hasieratik ideia sortu, lokalera eraman, grabatu, ekoizlea…».

«Nik bukatzeko beharra sentitzen dut. Diruak ere mugak jartzen ditu. Gizakiok insatisfakzio naturala badugu, berez» gehitu du Juantxok.

Eboluzioa nabari da soinuan, baina, taldekideen hitzetan, Tenporak bere bidean egiten dituen geltokietan adierazten du nola dagoen, beraien izaera erakusteko bide moduan ikusten dute taldea, entzuten ari diren hori islatu nahi dute. Musikari denbora eskaintzen dion boskotea da, ohiko egiturak alboratu unean unekoari erantzuten saiatzen dena.

Taldearen sortzaile izan zen Juantxo duela hamarkada bat, eta taldeko dinamika argi azaldu digu. «Aurrez egiten duzunak enkasillatu egiten zaitu. Inguruko jende ezagunarekin elkartu nintzen eta bestela erabiltzen ez nituen soinu eta mundu sonikoetara hurbiltzen saiatu ginen. Antzeko filiak ditugun bost musikari gara baina gure ezberdintasunak ere baditugu. Bakoitzak beretik emandakoarekin sortzen da taldearen soinua».

Beste behin, Aitor Etxeberria izan da diskoaren ekoizpen lanetan aritu dena. «Modu naturalean jo dugu bigarren aldiz Atorrengana. Ekoizlearengan konfiantza handia izan behar da, erabaki batzuk hartzen utzi behar diozulako. Bere lan egiteko modua ezagutzen dugu. Kanpoko begirada bat da eta ordu luzez landutakoa beste modu batera ikusten laguntzen digu».

'Ama' diskoaren aurkezpena herrian egingo dute, Tolosan, martxoaren 15ean. Gogoz ensaiatzen ari direla aipatu digute, eta oholtzan ohikoa ez den formatoa ikusteko aukera izango dela, beraz, ez galdu!