IRRATIA
Interview
Idurre Eskisabel
Kontseilua

Eskisabel: «Euskararen dekretua oldarraldi judizialak sortu duen beldurraren adibide da»

Lakuak onartu berri duen sektore publikorako Euskararen Dekretua oldarraldi judizialak eragin duen beldurraren adierazle dela uste du Kontseiluak eta pena du, benetan une honetan eman beharko litzatekeen jauzia ez duelako ematen.

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusia (Iñigo Uriz | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Euskalduntze prozesuan eman beharreko jauziari ez dio erantzuten Lakuak onartu duen Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuak, hala uste du Kontseiluak. Bere idazkari nagusia den Idurre Eskisabelek adierazi duenez, «gure kezka nagusia da une honetan eman beharko litzatekeen, eta emateko aukera dagoen, jauzi hori ez dugula ikusten».

Hurrengo hamarkada parean egungo langile publikoen erdia jubilatuko dela dio Eskisabelek eta hauen lekukoa «garai modernoko belaunaldi euskaldunenak» hartuko duenez jauzia emateko aukera badagoela, «sektore batzuk salatu ohi duten ustezko diskriminaziorako arriskurik gabe».

Euskararen aurka izan diren ebazpen judizialen ondorio garbia da Lakuaren Dekretu hau, Kontseiluaren ustez. Ebazpen judizialek unean-unean kaltetu dituzten arauez gain, harago doan ondorioak ere izan dituztelako: «Hasieratik esan genuen kezka genuela, zenbaterainoko beldurra sortuko zuen oldarraldi judizialak, dekretu hau horren adibide da».

Dekretuaren lanketa prozesuan ikusi dira ebazpen judizialen ondorioak, Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, lehen zerbitzu batzuk euskaraz emango zirela esaten zen lekuan, «euskaraz ere» emango direla jartzen baitu orain. «Ere» hori nabarmendu du Eskisabelek irratian.

Mugei aurre egiteko akordioak

Badira «normalizazioari muga» jarri nahi dioten sektoreak, administrazioarekiko harremanera mugatu nahiko luketenak. «Ezkutuan garatzen ari den eztabaida hori» dago judizializazioaren oinarrian, Eskisabelen esanetan.

Parean euskarak «normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko akodio berri bat behar du», Kontseiluko ordezkariaren esanetan, ezagutzaren unibertsalizazioa ardatz, «baina horrek esan nahi du konpromiso zibiko bat, larrialdi klimatikoari edo indarkeria matxistari aurre egiteko dugunaren parekoa».