'Ama': etenaldi baten doinuak
Juantxo Zeberio izan da Paraleloan saioan Tenpora taldearen disko berria aurkezten. Martxoaren 15ean, Tolosako Leidor antzokian izango da aurkezpen kontzertua.
This browser does not support the audio element.
Amak ematen digu bizitza, ama (ama-natura) dugu bizitoki. Ama da abiapuntua, ama da gure bidaiaren geografia. Amaren heriotza, bere bizitza propiotik haratago doan etenaldia da: guztiok gure baitan daramagun ama zati horren haustura ere badelako. Eten hori, eta beste etenaldi bat, pandemia, izan ditu ardatz Juantxo Zeberiok Tenpora taldearekin argitaratu berri duen 'Ama' diskoa gorpuzten duten sei abestiak konposatzerakoan.
Galdutakoa baino jasotakoa bizigai duten sei kantu. Tenporaren tenpora ekarrita, eguneroko gurpil zorotik ihes, diapasoiaren erritmo pausatuenetara garamatzaten sei kantu. Geruzaz geruza malenkonia, oraina eta itxaropenaren triangeluan eraikitako sei kantu. Entzuteko, bai entzuteko, egindako sei kantu.
Doinuak eta moldaketak Zeberio berarenak dira, hitzak Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canorenak, diskoari izena ematen dion 'Ama' abestikoak salbu (Juantxo Zeberiorenak).
Martxoaren 15ean etxean, Tolosako Leidor antzokian aurkeztuko dute zuzenean lehendabizikoz diskoa. Aurrez, Juantxo Zeberio Paraleloan izateko zoria izan dugu, abestiz abesti doinu bilakatu duen eten hau aurkezten.