Panamerikar errepidea, Amerikako bizkarrezurra, bizikletan
Mexikotik Brasilerako bidea egin du Dorleta Guzman bidaiariak, bizikleta gainean. Urtebete hartu dio jauziak.
This browser does not support the audio element.
Sei mila kilometro egin ditu Dorleta Guzman bidaiariak bizikleta gainean, gurpil bat bera ere zulatu gabe. Amerika goitik behera zeharkatzen duen bizkarrezurra zuen begiz jota, Panamerikar errepidea, eta, pedalkadaz pedalkada, urtebeteko abentura egin du Mexikon hasi eta Brasilen amaituta. Bizikletazaletzat baino, mendizaletzat du bere burua elkarrizketatuak, baina «modu jasangarriago batean» bidaiatzeko motibazioak eraman du Guzman txirringa gainera: «Nire erritmora joan naiz eta, toki batzuetan, egunak eta egunak gelditu naiz. Banuen plana aldez aurretik, baina ez oso itxia». Eszedentzia aurretik, motxila soinean eta garraio publikoa erabilita lekualdatzen zen toki batetik bestera Guzman: «Bertako jendearekin kontaktua askoz ere gertukoagoa da bizikletan».
Mexikon lur hartu bezain pronto, hegoalderantz jo zuen zapatisten lurraldera, Chiapas estatura. «Herrialde bat bisitatzen dudanean, bertako historia ezagutzea dut gustuko, bizi duten errealitatea hobeto ulertzeko». Behin martxa hartuta, bidaia osoko errepiderik «txarrenak», Guatemalan topatu zituen, «oso urduri jartzen nintzen, zoratuta baitzeuden gidariak». Horregatik zenbait etapa autobusean egitea erabaki zuen, El Salvadorrera iritsi aurretik. Orain urte batzuk ziztu bizian zeharkatzen zuten txirrindulariek azken hori, delinkuentzia maila handia baitzegoen, elkarrizketatuaren hitzetan, Mara taldeak direla eta. Irizpide gogorrak ezarri ditu Bukele presidenteak kide horien atxiloketarako. Hala, kezka eragin du nazioartean auziak, giza eskubideen aurkako politikak erabili direlakoan. «Egun, guztiz aldatu da, jada, egoera. Lasai joan daiteke orain hara», azaldu du Guzmanek, «egoera honekin pozik daudela esaten zidan jendeak».
Denbora aurreztu eta gorputzari atseden emate aldera, itsasontzian zeharkatu zuen abenturazaleak Honduras, Nikaraguan lur hartzeko. Geldialdi folklorikoa egin zuen bertan,tokiko dantzak ezagutzeko aukera eduki baitzuen. Herrialdeko Karibe aldea zein hegoaldea elkarren oso ezberdinak direla ikusi zuen, erritmoetatik hasita. «Iparraldean, afrikar kutsuko dantzak dituzte, garai batean, bertatik esklaboak ekartzen zituztelako».
Bisitatutako herrialde guztietatik oso berezia zaio Venezuela Guzmani. Izan ere, 2019an bigradista gisa izan baitzen bertan, komunak bisitatzen eta gertuagotik ezagutzen. Horietako bat izan zen «El Maizal», Lara eta Portuguesa estatuen artean, 24 kontseilu komunalez osatutakoa: «Geroz eta indar handiagoa hartu dute herrialdean komuna-egiturek. Horrek talka eragin du instituzioekin».
Hasi bezala, pixkanaka, bidaiaren amaierara gerturatu zen Guzman, Brasilen sartu zenean. Manaosera jotzeko gogo bizia zuen, Amazonas oihan berdearen erdian kokatutako zementu puskara gerturatzeko. Bertan, ibaian barrena, itsasontzi-zeharkaldi bat egin ondoren, kostaldera jo zuen, Belenera, eta horixe izan zen Euskal Herrira itzuli aurretik bere azken geldialdia: «Ekialdera jo nahiko nuke orain, Asia aldera».