IRRATIA

«Iruditzen zait Mendebaldean badugula oraindik nagusitasun konplexu hori»

Badira urte batzuk EiTBren Asiako berriemaile gisa lanean ari dela Olatz Urkia Txinatik. Ez da soilik zertaz informatzen duen, baizik eta nola egiten duen, Mendebaldeko kazetarien ohiko diskurtso hegemonikotik aldenduz, berriki Taiwanera egindako bidaian agerian gelditu bezala.

Taiwango emakume bat Udaberriaren Festarako apaingarriak erosten. (SAM YEH | AFP)

This browser does not support the audio element.


Asteburu honetan helduko da 1500 milioi txinatar ingururen festa kuttunetakoa, Udaberriko Festa, Txinako nekazaritza egutegiaren arabera ospatzen. Chunyun deritzon garai honetan, milioika izaten dira joan etorriak herrialde osoan zehar, eta bertan ez ezik, diasporak ere tokian toki alaitasun handiz ospatzen du festa, noski baita Euskal Herrian ere.

Duela urtebete pasatxo Gipuzkoako Txinatar Institutuko lagunek, Udaberriko Festaz Naiz Irratian emandako argibideak berreskuratuz, munduko nazio handiarekiko oraindik ere dauden aurreiritzi eta estereotipoak agerian uztea izan da aste honetako Mundu Bat Herriko helburuetako bat. «Iruditzen zait mendebaldean badugula oraindik nagusitasun konplexu hori eta komunikabideetan nabaritzen dela», azaldu du Olatz Urkia kazetari eta EiTBk Asiarako duen korrespontsalak. «Okerrena da» Urkiak dionez, «askotan ez garela ohartzen».

Barneratutako aurreiritziak

Beijingetik, Txinako hiriburutik hitz egin du donostiar kazetariak, ziur asko gaur egun Txinako errealitatea gertuen duen euskal kazetarietako bat. Oraindik ere agerikoa da Urkiaren arabera, Mendebaldeko kazetari askoren artean, «pentsatzen dugu gure kazetaritza estiloa oso librea dela» errealitatea denean «barneratuta» daudela mezu jakin batzuk «AEBren erretorikari» lotutakoak.

Txina erraldoi bat da zentzu guztietan; 1.400 milioi biztanle baino gehiago, hainbat hizkuntza eta 50etik gora herri eta nazio errekonozituta, hortaz ez da posible herri honetaz azaleko analisiekin gelditzea. Olatz Urkiak ezin hobe azaldu du Txinaren handitasuna, «gizon oso interesgarri batekin hitz egin genuen eta esan zigun Txinara iristen zarenean pentsatzen duzula Txinaz liburu bat idatzi dezakezula. 10 Urte pasa ostean iruditzen zaizu ez dakizula ezer».

Taiwango errealitatea

Gatazka geopolitiko baten ustezko erdigunean izan da berriki Olatz Urkia, Taiwanen, ala Txinako Errepublikan ezin baita ahaztu hori dela bere izen ofiziala, eta Txinako Herri Errepublikarekiko gatazka diplomatikoak hortxe jarraitu duela.

Tsai Ling-Te, Alderdi Demokratiko Aurrerakoiko hautagai ofizialistak irabazi ditu hauteskundeak, baina nahiko gertu gelditu dira KMT kontserbadorea eta gazteen ilusioa piztu duen Alderdi Popularra. Hala ere, mendebaldeko erretorikak agintzen duenaren aurka, ez da gatazka geopolitikoa uharteko arreta guztia bereganatzen duena. «Gutxiengo etnikoek adibidez esaten ziguten ezetz, beraiek ez dutela nahi Alderdi Aurrerakoiak irabaztea, iruditzen zaiela kanpora begira daudela eta gutxiengoak ahaztu dituztela», adierazi du Olatz Urkiak.