IRRATIA
Interview
Irati Tobar
LABeko Hezkuntza arduraduna

«Ekiparazioa ondo ikusi zuten patronalek, beste sindikatuek ez»

Kristau Eskolarekin lortutako akordioa ez du babestu LAB sindikatuak, langile publikoekiko ekiparazioa ez duelako barne hartu. Sindikatu abertzaleak dio sare publiko bakar bat osatzeko bidean ere elementu garrantzitsua dela.

Irati Tobar, LABeko hezkuntza arduraduna (Naiz Irratia)

This browser does not support the audio element.


Zergatik ez du bat egin LABek sindikatuek Kristau Eskolarekin sinatu duten aurreakordioarekin? «Ekiparazioa desagertu zela ikusi genuenean LABek esan zuen egon egin behar zuela elementu honek. Patronalek ondo ikusi zuten, gainerako sindikatuak izan ziren horrekin bat egin ez zutenak». NAIZ Irratian Irati Tobar LABeko Hezkuntza arduradunak emandako azalpena da. 

Sare publikoko langileekin soldaten ekiparazioak igoera are nabarmenagoa ekarriko luke hurrengo urteetan gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileekin. Zergatik ez dute bat egin gainerako sindikatuek? «Estrategia ezberdinak» dituztela dio Tobarrek. 

Ikastoletan, jangeletako azpikontratatutako enpresetan eta Osakidetzan azpikontratatutako garbitzaile zerbitzuetan lortutako eskakizun bera da arlo honetara eraman duena LABek, «langileentzat bide ona da». 

Beste sindikatuen argudioa? «Diote ez dagoela bermatua langile publikoen soldatak eros ahalmenaren arabera igoko direnik», eta zer dio LABek? «borrokan ari gara horretarako, baita beste sindikatuekin ere; guk Euskal Herrian erabaki nahi ditugu langile publikoen soldatak, bermatu behar dugu eros ahalmena, noski, eta aukera dugu langile guztiok batera lortzeko, ahalik eta indar gehien batu behar ditugu norabide horretan». 

Hezkuntzaren Legearen aldagaia 

Aurrera begira KPIaren araberako soldaten igoera nola bermatuko duen patronalak zalantzan jarri du Tobarrek, Hezkuntza Lege berria eskutan ezingo delako gurasoen kuoten bidez bermatu. Gainera, «sare publiko bakar bat osatzeko bidea egin behar badugu, bidea da langileek lan berdinagatik soldata berdina kobratzea, lan baldintzetan ere homologaziorako bide bat jorratu behar dugu».