Euskal Esnekigileen Elkartea sortu dute, «batasun bat behar genuelako»
Euskal Esnekigileen Elkartea sortu da, sektorea indartzeko eta esnekien kontsumoari bultzada bat emateko. 29 kide biltzen ditu elkarteak, eta bertan daude esne ekoizleak zein eraldatzaileak. Kepa Agirrekorta Errotik gaztandegiko kideak esan du Euskal Herrian %10a bakarrik ekoizten dela.
This browser does not support the audio element.
Euskal Esnekigileen Elkartea sortu dute, sektorea indartzeko eta esnekien kontsumoari bultzada bat emateko. 29 kide biltzen ditu elkarteak, eta bertan daude esne ekoizleak zein eraldatzaileak. Kepa Agirrekorta Errotik gaztandegiko kideak esan du Euskal Herrian bertan kontsumitzen denaren %10a bakarrik ekoizten dela eta «kezka» agertu du datu honekiko.
Leartikerrek duela urte batzuk egindako ikerketa batek azaleratutako datua da, hain zuzen, sektoreak batasuna behar zuela ondorioztatzera eraman zituena, Agirrekortak NAIZ Irratiari azaldu dionez. Hiruzpalau ekoizle ziren hasierako pausoak ematen hasi zirenak eta 29 izatera iritsi dira.
Askotarikoak dira Euskal Esnekigileen Elkarteak batzen dituen ekoizleak, ekoizten dituzten produktuei erreparatuta: «Esneki mota guztiak hartu ditugu, edozein animaliarekin ekoiztua, edozein tamainakoa». Sektore guztiaren batasuna ezinbesteko baldintzatzat hartu zuten sortzaileek, aurrean zuten erronkari aurre egiteko.
Agirrekortak dio bera «belar ekoizlea dela» eta belar hori gero esneki bilakatzen duela. Esne behiak dauzka eta ustiategian bertan hazitako belarra dute elikagai. Ondoren, behiek ematen dieten esnea eraldatzen dute, kontsumitzaileari heltzen zaion azken produktua sortu arte. Elkartearen beste xedeetako bat tokikoak diren proiektuak aldarrikatzea da: «Bertan ekoitzu eta bertan kontsumitu, hori da dugun biderik laburrena eta zuzenena».
Bertan ekoitzi, bertan kontsumitzeko
Etorkizunari kezkaz begiratzen dio Agirrekortak. Elkarteari ekoizten duten produktuei balioa eta prezio duina jartzea dagokiola uste du, nekazari eta abeltzainek ere osatzen duten kate luzearen azken katebegia delarik. Izan ere, salmenta prezioak zuzenean eragingo die guztiei.
Egunerokoan hainbat zailtasuni egin behar izaten diete aurre esneki ekoizleek. Besteak beste, formakuntzaren aferari heldu diote elkartean. Halaber, kontsumitzaileei Euskal Herrian zer ekoizten den erakusteko beharra ikusten du, hain zuzen ere, bertakoa kontsumitu dezaten.