IRRATIA
Interview
Beñat Lusarreta
Sortuko kidea

«Alokairuzko etxebizitza alboratua izan da salerosketa merkatuaren mesedetan»

Sortuk etxebizitza larrialdia salatzeko ekimena jarri du martxan. Donostiako bi jabe handien etxebizitza turistikoak hartu dituzte, ete epe motzean, bertan jarraitzeko asmoa dute. Xede nagusia da «etxebizitzaren problematika politizatzea, eztabaida publikora eramatea eta agintariak interpelatzea».

Beñat Lusarreta Sortuko kidea, Zubieta Kaleko etxe turistikoan. (NAIZ Irratia)

This browser does not support the audio element.


Etxebizitza larrialdia salatzeko ekimena abiatu du Sortuk Donostian. Asteburutik bi jabe handien etxebizitza turistikoetan sartu dira, eta epe motzean, bertan jarraitzeko asmoa dute. Helburu nagusia da «etxebizitzaren larrialdia salatu, problematika politizatzea, eztabaida publikora eramatea eta agintariak interpelatzea» arazoaren aurrean neurriak har ditzaten.

Garazi Castaño NAIZ Irratiko kazetaria izan da Beñat Lusarreta Sortuko kidearekin, Donostiako Zubieta kalean hartu duten etxebizitzan. Lusarretaren hitzetan, «turismoaren elitizazioa eta luxuzko etxebizitza turistikoak areagoatzen ari dira».

Hau kontuan hartuta hautatu dituzte bi etxebizitza hauek. Zubietako kalekoa, azaldu duenez, «portal oso bat luxuzko apartamentuz betea dago» eta bestea «Azora funts putrearen pisu turistiko bat». Lusarretak gogora ekarri du Azora Donostian «ezaguna dela kanporatu dituen lagunengatik».

«Negozio propiorako erabiltzen dituzte: hotelak egiten saiatuz, luxuzko turismo etxeak eginez, eta etxebizitzak salduz, auzokoak kanporatzen dituzten bitartean», gehitu du. Donostian «tamalez, ez da zerbait isolatua», baieztatu du.

Hego Euskal Herriko Etxebizitza legeetan, bai EAEkoak, bai Nafarroakoan, onartzen da etxebizitza «eskubide subjektibo bezala», eta erakunde publikoek bermatu beharko luketela «herritarrei bere beharretara egindako etxebizitza». «Hau inondik inora ez da bermatzen», salatu du.

Lege horiek baliabideak eskaintzen dituela nabarmendu du, besteak beste, eremu tentsionatu bezala izendatzea toki edo herri bat. «Ia Gipuzkoa osoa izendatu daiteke eremu tentsionatu gisa». Nabarmendu egin nahi izan dute ere EAEko Legeak etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko eskaintzen dituen tresnak, etxebizitza parke handi bat sortuz. «Donostian etxebizitza guztien %6 inguruk» baldintza hori betetzen duela baieztatu du. «5.000 etxebizitzatik gora».

Erakundeei, honela, «etxebizitza publikoaren aldeko apostu irmo bat» eskatu die Lusarretak. Kultura aldaketa baten beharra azpimarratu du Lusarretak: «Salerosketa merkatua izan da zentroa Hego Euskal Herrian azken hamarkadan. Alokairuzko etxebizitza alboratua izan da salerosketaren merkatuaren mesedetan. Alokairuentzako etxebizitzak bultztau behar dira».

Bi etxebizitza hauetan geratuko dira «epealdi batez» eta «gauzatxo edo sorpresaren bat gehiago» izan daitekeela hurrengo orduetan aurreratu du Sortuko kideak.