«Europako laguntza eta sistema arrunt gaizki egina da; baserritarra handitzera bultzatzen du»
Frantziako Estatuak nazioartean egin dituen itunak salatu ditu: «Zeelanda Berritik esnea ekartzean, nekazaritza sektore batzuk sakrifikatzen dituzte, eta gure bizkar egiten dute». Bestalde, esan du sistema liberal bat bultzatzen ari direla, eta hala, nekazariek erabitzeko autonomia galtzen dutela.
This browser does not support the audio element.
Ipar Euskal Herriko nekazarien protestek astebete iraun dute, eta zazpi egunez jarraian blokeatu dute Baionako Hubert Touya zubia. ELB sindikatuko ordezkariak joan den ostiralean kalera atera ziren Baionako portua blokeatzeko. Panpi Sainte-Marie ELB sindikatuko ordezkariak salatu du Europako laguntza «sistema arrunt gaizki egina» dagoela, eta «baserritarra handitzera bultzatzen» duela.
Zorrotz mintzatu da ELB sindikatuko ordezkaria. Joan den ostiraleko protesten harira, esan du lortu zutela Baionako portua blokeatzea, eta horren bitartez, Estatu frantsesak nazioartean egin dituen itunak salatzea.
Zeelanda Berriarekin egindako akordio bat jarri du adibide: herrialde horretatik hainbat ardi haragi eta esne ekarriko dute Estatura, eta ordainetan, Frantziak hainbat makina emango dizkio Zeelanda Berriari. ELBko ordezkariak salatu du horrela nekazaritza sektore batzuk «sakrifikatzen» dituztela.
Aldi berean, Estatu frantseseko ministroak kritikatu ditu, «esan eta esan ari baitira elikadura burujabetza dela Gobernuaren ardatz nagusia», eta «ez da horrela»: «Negozio horiek behar dituzte bazterrean utzi, herri honek baitu hemengo elikadura ordaintzeko edo ekoizteko ahalmena».
Hain justu ere, kanpaina horrengatik jadanik sufritzen ari da baserri mundua, eta horretarako laborantzak behar du lagundua izan, eta ez sakrifikatua. Sainte-Marieren hitzetan, Ziburu aldean eta Nafarroa Beherean aktibitate horrek du biziarazten barnealdea. Nekazaritza ardatz nagusia baita «hemengo laborantza bizirik mantentzeko».
Horrekin lotuta, Ipar Euskal Herriari dagokionez, bertan ekoizten denarekin burujabetzarako behar beste ekoizten al den galdetuta, esan du fruitugintzan eta barazkigintzan «ainitz» falta dela, eta «soberakinak» badituztela ardiaren sektorean, «oso azkarra» baita.
Euskal Herriko Laborantza Ganberak lan bat egin zuen: 2050an zenbat populazio izango den eta zer beharko duen, eta horretan ikusten da, bere ustez, hemen ere planifikatu beharra dagoela, sektore batzuk lagundu, barazkigintza kasurako, eta horrez gain, gazteria eta kanpotik datoztenekin ere, «bada lan bat egiteko», sektoreak bultzada bat izan dezan eta hala, elikadura burujabetza egiazta dadin.
Baserrien fenomenoa
Horren harira, erreleborik ba al dagoen galdetu diote ELBko ordezkariari. Esatu frantsesa kontuan hartuta, Sainte-Mariek adierazi du Iparraldea dela mailarik onena duena, baina, hala ere, ez da nahikoa. «Fenomeno bat da lehen baserri txikiak zirela, orain ertainak eta batzuk ere handiak bilakatzen ari dira».
Europako laguntza sistema «ainitz gaizki» egina dagoela nabarmendu du, hektareak eta ardi edo behi bakoitzaren arabera ematen baitira: gero eta hektarea eta animalia gehiago, orduan eta diru-laguntza gehiago. «Horrek beti handitzeari egiten dio mesede, eta biziki kaltegarria da».
Hori da arazo bat, eta beste bat, bere esanetan, sistema liberala, sistema, baserriak, handitzearen logika. Hain justu horrek eragiten du nekazariek erabakitzeko autonomia galtzea, ohartarazi du.
ELB eta FDSA sindikatuen arteko aldea
Europar Batasunak diru-laguntzak ematen dizkie laborariei, zenbat hektarea dituzten arabera, gero eta hektarea gehiago orduan eta diru-laguntza handiagoa. Haientzat garrantzitsuena da aktiboen arabera ematea diru-laguntzak.
«Besoak behar baitira nekazaritzan. Lehen bikoteak, familiak ziren, bazeuden besoak, orain, baina, anitzetan ikusten da bat bakarrik dagoela baserrian, eta hori ez da bizigarria. Laguntzak bai, baina haien borroka da nor bere mozkinetatik bizitzea».
ELB eta FDSA sindikatuek nork bere aldetik egin dute protesta, bien artean zer alde dagoen galdetuta, Sainte-Mariek adierazi du beraiek sormarken alde egiten dutela, eta beste sindikatukoek, aldiz, sormarka handitzearen eta baserriak handiagoak izatearen alde.