‘Kabia’ estudioko bosgarren diskoa iragarri du Skabidean taldeak 2024rako
Konpromiso handiko taldea da inondik inora ere Skabidean taldea. Konpromisoak nekea ere badakar maiz, eta, horregatik eta bestelako kontuengatik, pausa bat hartuko du taldeak ‘Kabia’ bosgarren diskoa prestatzeko. Durangoko Azokara, ordea, zuzeneko disko berezi batekin etorri dira.
This browser does not support the audio element.
‘Hiri zahar zikina’ diskoa kaleratu zutela denbora gehiegi pasa ez bada ere, bi urteko dinamiketan funtzionatzen duen taldea da Skabidean Iruñerriko taldea. Zuzeneko lan batekin etorri dira Durangoko Azokaren 58. ediziora, ‘Maite zenuen hiria’ deiturikoa, 2023ko uztailaren 8an, Sanferminetan grabatua.
Aurten 45 urte dira German Rodriguez hil zutenetik eta hari omenaldia egin zioten kontzertu hartan Skabideanekoek, baita diskoarekin ere, gertakizun hura baita protagonista ‘Maite zenuen hiria’ lanean. «Konpromiso politiko bat ere badaukagu eta memoria historikoaren lanketa garrantzitsua iruditzen zaigu», azaldu digute iruindarrek. Memoria hori musikatik abiatu eta hitzetaraino zaintzen du talde nafarrak, izan ere, ‘Karrika dantza’ edota Fermin Balentziak abestutako jotak moldatu dituzte beren azken diskoan, esate baterako.
Disko berriaren prestaketa lanetan zentratuko dira orain, zuzeneko diskoa eta taldearen hamar urteak laburbiltzen dituen dokumentala kaleratu ostean, dena autekoiezpenean, berena den Oskarbi argitaletxearekin. Abuztuan estudiora joateko nahia dute, beraz, 2024ko Durangoko Azokan izango da ‘Kabia’ lana ondo bidean.