«Elektronikarekin kateatu egin nintzen eta hori egin behar nuela sentitzen nuen»
Elektronika munduko proiektu berria da Zatibi, Mikel Iraeta (Azkoitia, 1992) musikariak sortu duen atmosfera. Aurretik RO edota Zizel bezalako proiektuetan ibiili ostean, bakarka eta elektronikara bideratutakoa plazaratu berri du ‘ODD’ diskoarekin azkoitiarrak.
This browser does not support the audio element.
Gabon Mikel, zer moduz?
Oso ondo, eskerrik asko.
Gauerako soinu banda aproposa sortu duzu.
Bai, nahikoa gauerako pentsatutako disko bat da.
Zatibi bezala aurkezten da proiektua, nahiz eta zure bakarkako lehen pausoak Mikel Iraeta bezala ematen hasi zinen. Derrigorra da alter-ego bat sortzea elektronikaren munduan?
Hori, egia da, beti ezizen baten atzean ezkutatu behar edo ez dakit zer dagoen hor. Nik, aurrekoarekin distantzia bat ikusten dudalako egin dut hautu hori. Ez da anonimo joan nahi dudalako, gainera, esan dut ni naizela. Besterik gabe, bi ate horiek eduki nahi ditut, oso desberdinak direlako. Batean piano asko zegoen eta honetan elektronika dantzagarriagoa. Hortaz, zerotik hasi, atea zabaldu eta ea zer gertatzen den ikusi nahi dut.
Eta zergatik Zatibi?
Matematikaria naiz ikasketaz eta mundu horri lotuta jarraitzen dut. Nire bi munduak dira, batak lana ematen dit eta bestea nire pasioa da, eta, modu batetara edo bestera, lotu egin nahi izan ditut. Batzuetan musikan txertatu dut matematika, beti esaten delako oso lotuta daudela, eta, kasu honetan izenera eraman dut. Eskolak ematean «Zati bi» esaten dudan bakoitzean orain, proiektuaz gogoratzen naiz eta gustatzen zait bien arteko jolas horretan.
Iruñean bizi zara, bertan ematen dituzu eskolak?
Orain Altsasun, baina deitzen nauten tokira joaten naiz, hasiberria naizelako.
Zure ikasleek badakite honetan zabiltzala?
Ia-ia lehenengo egunetik. Ikasleek segituan bilatzen zaituzte sareetan eta abar eta adi ibiltzen dira.
Eta, zer diote?
Musikaren inguruan ez didate gauza askorik esan, gehiago aipatu izan didate halako tokian edo bestean ikusi nautela. Norbaitek entzun du, eta, betikoa, ahotsa falta zaiola esan didate.
Zizel eta Ro taldeetan ibili zara aurretik, lehenagotik ere bazabiltza musika munduan?
Ez, nahikoa berandu hasi nintzen. Lehenagotik etxean eta jolasean bai, baina publikoan Zizel taldearekin hasi nintzen.
Azkoitian elektronikarako pausua ematen ari zarete musikari asko, sukar bat dago?
Nik ez dakit zer den, Holz und Blech festibala ere sortu zen… Nik uste dut sintetizadore bat zure aurrean agertzen denean saltsan hasten garela denok. Hortik technoa egitera saltoa dago, baina hortik joango dela kontua esango nuke. Elektronika mundua Azkoitian jendeak gertuago sentitzen du aipatu festibalari esker eta hori ere eskertzekoa da.
‘Zait’ nitik idatzitako zerbait dela dirudi. Zer zaizu?
Tituluek istorio bat dutela dirudi askotan, baina besterik gabe jarritakoak izaten dira gehienetan nire kasuan. Hori bai, zentzua ematen diot gero beti. Zuk esan duzunaren harira, «niri orain hau egitea tokatzen zait» esan beharko nuke. Elektronikarekin kateatu egin nintzen eta hori egin behar nuela sentitzen nuen, eta horretan nabil.
Atmosferiko samarra da, Ro taldearekin ibili izan zareten horren bueltan, baina esperimentazio dezente ere nabaritu dut, dancehall ukitu bat ere ikusten dudalako.
Lau bider lauko technoa, bonboa beltzetan jarrita, hori bai, hori behar zuen. Baina aldaketak egitea eskatzen zidan gorputzak, ez dut uste hainbeste konplikatu naizenik eta hainbeste esperimentatu dudanik, baina ukitu batzuk behar zituen. Ez nuen dena lineala izaterik nahi eta gauzak nola puskatu pentsatuz sortu dira gauza hauek.
Matematikariari egingo diot orain galdera. Zein da gehien gustatzen zaizun esparrua?
Bizitzari zenbat eta aplikatuago, geroz eta nahiago dut. Abstrakzioan galtzea ondo, baina puntu batetaraino. Akaso hobeto ematen zitzaidalako izan daiteke.
Sintetizadore analogikoak erabili dituzu edota ordenagailuarekin eta MIDIarekin aritu zara lanean?
Baditut sintetizadore batzuk, nahi baina gutxiago, baina oso mundu garestia da. Gustatzen zait ukitze hori, ordenagailuarekin gauza asko egin daitezke eta plugin pila bat ditut eta gauza asko egin ditut, baina ukitzea beste gauza bat da. Gero akaso zure buruan erromantikoagoa da benetan dena baino, baina sintetizadorea eskuekin ukitu eta manipulatzea ederra da. Sintetizadoreak erosten hasi naizen arte, ordea, ordenagailuarekin ibili naiz.
Handi horietakorik baduzu?
Ez ez, sinplea naiz, hegazkina kontrolatzeko diruditen horietako sintetizadoreen zalea ez naiz. Geroz eta aukera gutxiago eduki, ongi egiten baditu gauza horiek, zure sormena gehiago garatzen duzu.
‘Haunaz’ kantuan Itziar ituñoren esaldi bat erabiltzen duzu, «Ni hau naz» diona. Nor da Mikel Iraeta?
Momentu honetan Zatibi da. Itziar Ituñoren esaldia hartu eta kantuan jarri nuen arte, ez nintzen jabetu zeinen indartsua zen mezu hori. Eta hor zegoela, zentzua hartu zuen guztiak.
Kantu honek eta diskoak berak ere bai, remixak egiteko aukera eta ematen dute. Beste DJek zure kantuak erabiltzeko pentsatuta sortu zenuen diskoa?
Ez, sortzerakoan ez nuen halakorik buruan. Orain, atera orduko, Azkoitiko batek esan zidan ziztatu nahi zuela, eta, gero konturatzen zara set batean sartzeko kantu nahikoa errazak badaudela diskoan.
Zergatik jarri duzu espazioekin banatuta ‘A T R’?
Ez du zentzurik. Hasieran ‘ACT’ izendatu nuen, ingelesez egin, baina esplizituegia zen eta ez zitzaidan gustatzen. Hortaz, izen hori eman nion eta espazioak sartzearen kontua besteen artean atentzioa emateko zen. Egia da halako bideo bat egin dudala hitzak bueltaka dabiltzana eta ART hitza ere osatzen dela… baina beste kasualitate bat baino ez da.
Sampler bat oso modu finean erabiltzen duzu, zer dion badakizu?
Bada, ez du zentzurik esaten duen horrek. Moztu egiten dut askotan eta soinua da gustatzen zitzaidana. Lehenengo aldia zen ahots bat sampleatzen nuena.
Zenbat denbora pasa zenuen hori moldatzen?
Mozten hasten zara, gauzak elkartu eta segituan aterako zitzaidala uste nuen. Bada, konbentzitu ninduen arte, egunak pasa ziren. Melodia batekin gertatzen den bezalaxe, batzuetan azkar sortzen da eta beste batzuetan ez. Niretzat erronka bat zen, bokal horiek erabilita melodia polit bat sortzearena.
Barrukoa askatzera gonbidatzen gaitu abesti honek.
Gehiena ez bada, gehienetarikoa gustatzen zaidan kanta da. Denborak perspektibarekin entzun eta oraindik ere gustatzen zaidan abestia da, hau entzun eta bere horretan utziko nukeen kantua da. Zuzenekoetarako ere berezia izango dena.
2000etako hasierako teklatu batzuk ere entzun dira bertan, beste estilo batzuetan eta badabiltzanak. Zein estilotatik ibili zara mugitzen? Diot, 80etatik gaur arteko elektronikako soinu desberdinak entzun ditudalako ‘ODD’ honetan.
Bada, ni gaur egungo soinua lortzen saiatu naiz eta erreferente asko gaur egungoak dira. Akaso ez dute ezer berririk asmatzen, baina soinu freskoa duten artistetan jarri dut fokua. Gauza da bidean erabiltzen dituzun errekurtso gehienak lehengoak direla. Erritmo aldetik, berriz, nahikoa soinu organikoak bilatzen saiatzen naiz eta hor onena ez bada, onenetakoa, Bonobo da. Bera da erreferente garbia. Belarrian goxo sartzen diren perkusioak erabiltzen ditu, makina soinua eduki ordez organikoa delako.
‘Ezer’ kantuan entzuten den sintetizadorea bera ere goxo sartzen da eta berezia da. M83 taldea gogoratzen dit.
Niri, Moderat gogoratzen dit eta derrigorrean atera behar zuen, fan totala naizelako. Diskoaren grabaketa ikasketa prozesu bat izan da, eta diozun soinua ere horren zati da. Akorde luze bat hartu eta ‘gate’ bat erabilita moztuta dago, hortaz, horrekin jolasean hasi nintzen. Gauza da, erritmoa finkatu nuenean kolpe guztiak jotzeko aukera ematen zidala eta, beraz, dena nik jotakoa da eta midi bidez idatzita. Aurrerago, ordea, asko ikasi nuen eta ez nuen teknika hori gehiago erabili. Artisau lan asko dago diskoaren baitan eta hasieratan gehiago zegoen, bukaerarako automatizatzen ikasi dudalako.
Etsipen kantu moduan hartzen dut, barrua hustuta eta jota duen norbaiten doinua bailitzan.
Diskoa bera ere iluntzen doa, lehen kantuek duten argitasun hori galtzen doa. Egin nuen garaian kateatuta nengoen eta ilun atera zen guztia.
Zein programa erabili duzu hau guztia konposatzeko?
Abletonarekin ibili naiz. RO taldeko kide batek erakutsi zidan eta perfektua zela jabetu nintzen.
Oso matematikoa dena, eskolara eramateko modukoa.
Ederra litzateke hori eta nik ideia pila bat ere baditut horren inguruan, gero klasera eramatearena erreza den edo ez ez dakit, ordea.
Oso anbientala den kantua da ‘gu’. Zenbat gu daude kantu honen bueltan?
Diskoaren erdian dago eta zarata guztiaren artean dagoen babeslekua da. Gu asko egon daitezke bertan. Arnasa hartu eta indarberrituta jarraitzeko abestia.
Bai, ze atzetik datorren ‘Gero’ oso abangoardiakoa da eta guztiz beste giro batetakoa. Bertan entzuten ditut trance giroko akordeak, progressive estiloko pianoak eta zerutiarrak diren ahots batzuk, guztia, bomboclat erritmoarekin. Nola garatzen da halako abesti bat?
Larritasuneraino eramaten zaituen kantu lineal bat sortu nahi nuela garbi neukan. Kantua betiko egituretatik aldentzen da, iluntzen doa kantua eta bukaeran abestia isiltzea sentitzen duzu. Ahotsek giroa tenkatzen dute eta puzten doan abestia da.
Elektronikarako pausua ROn eman zenuen edota entzun izan duzun musikak eraman zaitu bertara?
Zizel taldearekin elektronika dezente tratatu genuela esango nuke. Dena dela, interesa areagotzen joan da artista gehiago ezagutzen joan naizen heinean. Sintetizadoreak iritsi dira nire eskuetara baina lehen esandako Moderat, edota Bicep bezalako taldeek erabiltzen dituzten melodiak asko gustatzen zaizkit.
Hortaz, esan dezakegu zure erreferenteak anglosaxoiak izan direla eta ez germaniarrak edota ekialdeagotik datozenak. Finagoak direla esan dezakegu?
Erabat mundu horretatik edan dut. Elegantzia puntu bat dute eta Bonobo bezalakoek asko erakarri naute. Egia da Alemaniako makineroagoak gustatzen zaizkidala, baina, egiterakoan, eleganteagoak gustatzen zaizkit.
Tropikaleo pixka bat badu ‘Lau’ kantuak, oso afrikarra da, baina aldi berean urbanoa ere bai.
Tinbalak eta erabili ditut eta beti kosta egin zait nola sartu jakitea. Hemen sartu nuen eta asmatu egin nuen eta ordutik hona gehiago erabili dut. Ukitu urbanoarena ahotsagatik izan daiteke. Pianoak ez du ezer gauza berezirik egiten, behetik gora badoa abestia eta gaurko samarra den abestia izan daiteke.
Kantuaren titulua ez dakit lotuta ote dagoen honekin, baina ahotsarekin halako pareidolia bat sortzen da «bat, bi, hiru lau» entzunaz nabil uneoro.
Sonoritatearen kontua hor dago, baina ez du ezer esaten, nik «atea» ere entzuten dut, pentsa. Izenburuak jarri egin behar dira RO taldean esaten genuen bezala.
Zuzenekoetara nola eramango duzu hau? Bakarrik egitea pentsatu duzu?
Zuzenekoa sortuta dago eta prest gaude. Gaude diot, zorionez Zizel taldean ondoan nuen Alberto xxxxx bateriarekin izango dudalako. Berak bateriak eta nik sintetizadoreak. Dena dela, bakarrik defendatzeko moduko zuzenekoa ere prestatu dut, bera Bristolen bizi delako eta beti ezingo duelako etorri. Ez da hain antzekoa izango, baina ahal dudan guztia zuzenean egiten saiatuko naiz. Durangoko Azokan izango da lehenengoa.
Merkatua zabaltzeko aukera ematen dizu Albertok.
Oxala hara joateko aukera sortuko balitz! Han opor moduko batzuk izango lirateke bertara joan eta jotzea. Momentuz, estreinakoa Durangon, eta espero dut Holz und Blechen egongo naizela, baina tartean ea gauza gehiago ateratzen diren.
Orain arte ez dizut galdetu zergatik deitzen den ‘ODD’ diskoa.
Hemen ere matematika sartzen da. ‘Odd’ ingelesez bakoiti hitzari esateko erabiltzen da, eta, zerbait bakoitia bitan zatitzen bada, okertu egiten da, ez da zenbaki borobilik geratzen. Bizitza errealean gauza asko erdibitzen ditugu eta bi zati berdinetan ez bada geratzen, askotan, molestatu egiten gaitu horrek. Edota, beste modu batetara esanda, zerbait bakoitia banatzen baduzu, beti zerbait geratuko da modu apartean, berezian.
Diskoa Durangoko Azokan bai, baina bestela nola eskuratu daiteke?
Diskoa Iruñeko ‘Müsex Industries’ zigiluarekin atera dut eta haien bitartez eskuratu daiteke, baina baita Iruñeko Tafalla kalean dagoen No Human ID dendan ere. Bestela, jarri nirekin harremanetan, idatzi lasai, eta era batera edo bestera helaraziko dizuet diskoa. Gauza hauek, maila hauetan, horrela egiten dira.
Mila esker Mikel, eta ‘Natul’ ibili!
Mila esker zuri eta egin gauzak ‘natul’, ni disko honetan egiten saiatu naizen bezalaxe!