«Nik uste duela 15 urteko Eslovakiara itzuliko garela, arazoak eta ustelkeria»
Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoekin jokatuz, Eslovakiako agintean da berriz ere Robert Fico. Errusiazale eta populista gisa definitu dute aditu gehienek; «ados nago», dio Zarautzera 11 urterekin heldu zen Ester Tkacikovak eta ez duela «ezer onik ekarriko».
This browser does not support the audio element.
Eslovakia ez da ziur asko lerroburu gehien okupatzen dituen herrialdea hedabideetan. Eslovakiarra herri lasaia da, Europako bihotzean kokatuta, mendebaldeko eta ekialdeko baloreen korronteen artean mugitzen dena. 2018ko otsailaren 25ean bost milioi biztanle dituen herrialde hau asaldatuta utzi zuen Ján Kuciak kazetariaren eta haren bikotekide Martina Kušnírovaren hilketak. Biak tiroz hil zituzten, eta gertakaria berehala lotu zen Kuciaken jardunarekin, gobernuaren gertukoak ziren politikari eta enpresarien ustelkeria ikertzen baitzuen. Hilketak, herri lasai hau esnatu, milaka lagun kalera atera eta Smer alderdi sozialdemokratako Robert Ficoren dimisioa eragin zuen.
Hamarkada erdia igarota, agintean da berriro Fico, eslovakiarrek hala erabakita. «Nik uste duela 15 urteko Eslovakiara itzuliko garela, arazoak eta ustelkeria», dio Zarautzen bizi baina Eslovakian jaio zen Ester Tkacikovak, «ez du ezer onik ekarriko». Eslovakian barrena bidai hau egiteko, Tkacikova gidari ezin hobea suertatu da Mundu Bat Herrirentzako.
Eslovakiako gobernuburua definitzeko garaian, bi izan dira analista gehienen artean nagusitu den hitzak; populista eta errusiazalea. Bere iritziaz galdetuta, «ados nago» dio Tkacikovak, aitortuz bere amari galdetu behar izan diola zer egon ote daitekeen eslovakiarren erabakiaren atzean, berak ez baitu ulertzen, «kazetariarekin gertatu zena azkarregi ahaztu dugu».
Ukrainako gerrak eta honetan Europako Batasunaren paperak utzi dituen ondorio ekonomikoak gakoa direnaren susmoa du zarauztarrak, «dena garestitu da gerragatik. Nik uste dut gerrarekin jolastu egin duela jendearen botoak bereganatzeko». Ficok Ukrainari laguntza militarra emateari utziko diola agindu zuen eta Errusiarekin harremana berreskuratzearen beharra planteatu. Baina, zintzotasun itxura honen atzean, alde ilun bat ezkutatzen du Ficok, alde xenofobo eta arrazista bat, migrazioari ateak ixtearen aldekoa.