IRRATIA

Ahotsa begira

Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak bildu ditu Uxue Alberdik 'Belarriko kilkerra' liburuan, Begoña Durrutyren ilustrazioak lagun hartuta. Idazlea eta marrazkilaria biak izan ditugu Paraleloan.

This browser does not support the audio element.


Ahoz kontatu eta belarriz jasotakoak, ahozkoak idatzira ekarriz, ahotsa begira, belarrikoa paperera. Bidaia hori egin dute Uxue Alberdik 'Belarriko kilkerra' liburuan jasotako istorioek. Eta hitzak irudi bilakatu ditu Begoña Durruty marrazkilariak.

Ahozkotasuna, memoria eta transmisioa ardatz dituen lana da. Lan "akzidentala". Uxue Alberdik, beste ipuin bat buruan lanean ari zela, ez aurrera ez atzera, aitak itxialdian bidalitako audioetan aurkitu zuen ihesbidea. Kontakizun hauek paperean ahozkotasunak duen freskotasunez jasotzeko ahalegina, jolas bezala hasi zen, eta liburu forman gorpuztu da.

Bidelagun izan du Begoña Durruty marrazkilaria, arbasoen kontaketa eta istorioen maitale bera ere, idazle eta ilustratzailearen arteko konexioa erabatekoa izan da proiektu osoan, eta emaitzan ere nabari da, hitzak eta marrazkiak elkar osatzen dira.

31 kilker izan dituzte kontu-kontari, bihotzeko kilkerrak, 60 kontakizunetik gora jaso dituzte guztira, lau ataletan banatutako liburuan: marrubi lapurretan, zerurako eskailera, minaren gela eta ispilua.

Kilker-hotsen gose dira oraindik ordea, eta nahi dute horretan sakondu. Jasotako istorio gehienen protagonistak gizonak direla ohartuta, emakumeen istorioak jaso eta ahotsa eman nahi diete, eta horretan dabiltza.