Asteko zine gomendioak: Berriro landa eremura. Oraingoan, Isabel Coixetekin
Astero bezala pantaila handiko eta txikiko film gomendioak egin ditugu 'Bideokluba' saioan. Landa eremura eramango gaitu Coixeten dramak. Etxeko txikienek euskaraz gozatuko dute Doraemonen abenturekin. Horiek pantaila handian. Pantaila txikian badugu: thrilera, akzioa eta komedia.
This browser does not support the audio element.
Zine estreinaldiak
Zine munduko albisteak errepasatu eta gero asteroko zine gomendioei egin diegu tartea 'Bideokluba' saioan. Zine aretoetan estreinatuko diren bi film, eta streaming plataforman estreinatu diren hiru filmetaz aritu gara aste honetan.
Un Amor (Isabel Coixet)
Sara Mesaren ‘Un amor’ eleberria egokitu du Isabel Coixeten izen homonimoa duen bere azken landa draman.
Hiriko bizitzaz gogaituta, herri txiki batetara bizitzera joateko apustua egiten du pelikulako emakume protagonistak. Postaletan saltzen den irudi landa eta ederrarekin antzekotasun gutxi ditu protagonistaren egoerak. Alokatu berri duen etxea zaharra da, hainbat itogin ditu, hotza sartzen da. Ez du inor ezagutzen, eta era berean, etxearen jabeak neska gazteaz paso egin eta dirua besterik ez dio eskatzen.
Gau batean, gizon auzokide batek tratu bat proposatuko dio: harreman sexualak izan, teilatua konpontzearen truke. Hauxe da pelikulako oinarria edo abiapuntua. Filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta muturreko hainbat kritika izan zituen. Batzuek asko maite izan zuten, beste batzuek gorrotatu. Pelikulak egoera ilun eta arraro batera eraman nahi gaitu, baina edo egoera arraro bat erakusteko gogoa, baina niretzat nahiko azalekoa eta sinplista da dena. Gainera, Coixeten filmetan hain presente dagoen 'kariñoa' faltan botatzen dut.
Doraemon: Nobiaren dinosaurio berria
Doraemonen dozenaka filmetan gertatzen den antzera, Nobitari gertatutako pasarteren baten ondorioz, protagonista eta bere lagunak mundu berri eta misteriotsu batera eramango ditu Doraemonek. Kasu honetan Nobitak bi dinosaurio arrautza aurkituko ditu, horiek zainduko ditu. Kontua da animaliak handitu egingo direla eta horrek beharko ditu dinosauroen garaira bidaiatzera.
Filma Donostiako Zinemaldian hartu zuen parte, eta kritika ederrak lortu zituen. Etxeko txikienek euskaraz ikusi ahal izango dute filma, eta horregatik dago aste honetako gomendioetan. Nik umetan oso gustuko nituen mota hauetako filmak, eta trailerra ikusita badirudi ez duela xarma hori galdu.
Streaming plataformetan zer ikusi?
El Asesino (David Fincher, Netflix)
Venezian estreinatu, Donostiako Zinemaldiko pelikula sorpresa izan eta zinemetan egon ondoren Netflixera dator 'Seven' edo 'El club de la lucha' bezalako pelikulak sortu dituen Fincherren azken lana. Trailerrean entzun bezala hiltzaile baten egunerokotasunean sartu eta honen ekintzak ikusiko ditugu.
Filma nik Donostian ikusi nuen, eta beste saioan esan bezala pixka bat erdizka geratu nintzen. Teknikoki bikaina den film bat da, baina batek trailerra ikusterako orduan imajinatzen duena ere bada. Ez gehiago ez gutxiago. Pelikulako protagonista Michael Fassbender da, eta hortik agertzen da Oscarra duen Tilda Swinton ere.
Mision Imposible. Sentencia Mortal. (Christopher McQuarrie, Movistar+)
Ethan Hunten sagako film berria Movistar + en dago ikusgai. Pelikula uda honetan estreinatu zen, eta entzuleek imajinatu dezaketen bezala, mundua salbatzeko ezinezko misio bat da filma lotuko duen argumentua. Kasu honetan talde terrorista sekretu bat eta ipar poloaren azpian dagoen itsaspekoan dira Tom Cruisek garaitu beharko dituen gaizkile nagusiak.
Agian norbaiti arraro egin zaio bizitzarik ez duen itsaspekoa bat izatea film honetako bilaua, baina denak du azalpen bat. 'Misión Imposible. Sentencia mortal’ honetako gaizkilea ipar poloko ur azpian geratu eta gure protagonistak baino azkarragoa den inteligentzia artifizial bat da.
Genero honetako pelikuletan gertatzen den bezala, hainbat toki exotiko, hamaika eztanda eta hainbat akzio eszena erraldoi ditu. Izugarrizko esperientzia bat da egia esan. Gainera, CHAT GPT eta inteligentzia artifizial ezberdinen hausnarketa interesgarria planteatzen du. Ia 300 milioiko aurrekontua izan du filmak eta espero baino emaitza kaskarragoak lortu zituen. Jakina da bigarren film bat etorriko dela laster, aurrekontu handikoa ere.
Te estoy amando locamente, (Alejandro Marin, Movistar +)
70. hamarkada bukaerako Sevillan kokatuta, homosexuala den mutil gazte bat da pelikulako protagonista. Hetero normatiboa ez izatea delitua zen frankismo ondorengo urte horietan, eta garaian ematen ziren zapalkuntza erakusten ditu pelikulak. Filmean ikusiko dugu nola sortzen diren aniztasun sexuala aldarrikatzen duten gazte mugimenduak, eta nola egiten duen poliziak hauen kontra. Protagonistaren eta bere familiaren garapena ere ikusiko dugu. alde egin eta botere indarren kontra borrokatuko du.
Filma udan estreinatu eta izugarrizko kritika onak izan zituen. Niri orain dela urte batzuk estreinatu zen ‘Pride’ ekarri zidan burura, eta nahiz eta filmak orain dela ia 50 urte gertatutako zerbait erakutsi, gaur egunean ematen diren zapalkuntza ezberdinak ulertu eta kritikatzeko ere balio du.