«Hesirik ez dago, baina joan-etorriak batzuentzat ez dira libre»
Eskualdeko alkate guztiek aspaldi eskatutakoa zen Irun eta Hendaia arteko Avenida zubiaren irekiera. Behin gauzatuta, NAIZ Irratiaren setean izan dira erabakia aztertzen Jose Antonio Santano, Irungo alkatea, Aitor Elexpuru, Berakoa, eta Igor Enparan, Hondarribikoa.
This browser does not support the audio element.
«Bazen garaia» esanez agurtu dute elkar Avenida zubiaren erdialdean astelehen goiz honetan Bidasoaren bi aldetara dauden udalerrietako alkateek. Aspaldiko eskaria zen, igande honetan bete da eta biharamunean ospatu dute herritarrek eta ordezkariek.
Zubia irekita, NAIZ Irratiaren setean izan dira Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Aitor Elexpuru, Berakoa, eta Igor Enparan, Hondarribikoa. «Albiste ona» dela adierazterakoan bat egin dute hiruek, nahiz-eta poza ez den erabateakoa zubiaren Lapurdiko aldean «oraindik furgoneta txuri hori» dagoela ikusita.
«Beste aldean furgoneta txuria egoteak badakigu zer esan nahi duen, baina balioan jartzekoa da hesiak desagertzea», adierazi du Enparanek. Hori dela-eta, «albsite pozgarria» dela adierazi arren, «oraindik erronkak» daudela nabarmendu du Hondarribiko alkateak.
Antzeko hitzekin definitu nahi izan du gaurko eguna Santanok, poza erabatekoa ez dela onartu arren, fokua hesien desagerpenean jarrita. «Zoritxarrez frantziako aldean kontrolak egiten jarraituko dute, baina gaur albiste da zubia ireki dela», adierazi du NAIZ Irrtiko mikrofonoetan.
Berako alkateak, berriz, «enpatia ariketa» bat egin du gaurkoan, Ibardin «militarizatuta» eta Lizuniaga itxita egon dela gogora ekarriz. «Furgoneta txuri horri» so eginez, zapore «gazi-gozoa» duela onartu du Elexpuruk. «Kontrolak hor jarraitzen du. Joan etorriak batzuentzat ez dira libre», salatu du.
Irungo alkateak «Frantziako migrazio politikan» jarri du aferaren arazoa. Horren aurrean, «Europak migrazio politika bakarra» behar duela aldarrikatu du, baina ez da baikor agertu. «Badirudi gaur egun hori ez dela posible».
«Guardia Zibilak ez zekien non itxi Ibardineko muga»
Ia hiru urtez luzatu da muga zubi honen itxiera eta honek inguruan izan duen eragin ekonomikoaz galdetuta, batzuek «asko» sufritu dutela iritzi du Enparanek. Muga inguruan enpresa handi zein txikiak ikus daitezke. Ficoba handitik okindegi txikietaraino. «Batzuek zein besteek muga itxita egon den denbora honetan asko sufrituko dutela ulertzen dut».
Hala ere, oztopatu nahi izan dena migratzaileentzako pasabidea dela adierazi du. «Zentzugabekeri bat izan da eta kalte eragin batzuk izan ditu, nahiz eta eremu txiki batean izan, kotxezkoentzako pasabidea irekita zegoelako».
Elexpuruk, berriz, gogora ekarri du pandemia hasieran Berako herriak, eta bereziki Ibardineko lepoak, bizi izan zuen egoera, Guardia Zibilak muga zehazki non zegoen ez zekienean. «Guardia Zibila joan zen muga ixtera eta ez zekien non itxi. Mugako komertzioan iparraldekoak dira bezeroak eta agenteak non jartzen zirenaren arabera, iparraldekoak komertziora iritsi zitezkeen edo ez». Gerora militarrek itxi zuten muga eta Ibardin «herri mamua bihurtu zen».
Aduanen historia: kontrabandoa kaltetuta eta musika onuradun
Mugako herriek beti dute historia bizia, mugimenduz betea. Eta Euskal Herriko kasuan ez da ezberdina. Duela mende erdi arte aduanek markatzen zituzten Hego eta Ipar Euskal Herri arteko mugak.
Joan-etorri ugari ditu gogoan Enparanek. «Pasatzen ginenean, bai oinez edo kotxez, geratu behar ginen. NANa edo pasaportea eskatzen ziguten. Lanera jende asko ere mugitzen zen. ¿Algo para declarar? esaldi famatua dut gogoan. Ia beti egongo zen, baina beti esaten genuen ezetz. Zeinen arrotza zen pasabide hau. Izan ere herri bat gara, lotura asko izan ditugu».
1973an desagertu ziren aduana horiek. Kasu batzuetan azpiegitura fisikoak ere desagertu ziren eta, beste batzuetan, aldiz, erabilera hobeak eman zaizkie, Lizuniagako lepoan dagoena kasu. «Lepoa pasata zegoen orduko aduana hori orain musika taldeek erabiltzen dute entseguetarako», kontatu du Elexpuruk.
Musika onuradun izanagatik ere, Berako alkateak onartu du garaian denak ez zirela ados egon aduanak kentzeko erabaki horrekin. «Bera mugako komertziotik bizi izan da. Kontrabandotik ere. Mugak kenduta kezka zegoen nola joango zen ekonomikoki. Bazen kontrako jendea, lehen bezala jarraitu nahi zutenak». Hala ere, «ongi joan da», itxi du afera.