«Eman diezaiogun balioa emakumeok jadanik egiten dugun zientziari, prekarizatuena baita»
Gaur abiatu da 'Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia: paradigma aldaketa baten alde' izeneko nazioarteko biltzarra Donostian. Hainbat aditu bilduko ditu eta genero-arrakala gainditzeko beharrezko eraldaketak izango dituzte hizpide.
This browser does not support the audio element.
Abuztuan BMJ Sexual & Reproductive Health aldizkarian argitaratutako ikerketa batek hautsak harrotu zituen. Red blood cell capacity of modern menstrual products: considerations for assessing heavy menstrual bleeding deituriko ikerketak lurrikara txiki bat eragin zuen, ez hainbeste ondorio nagusiengatik, baizik eta lanaren letra txikiagatik: benetako odola erabili duen hilkoaren produktuen xurgapenari buruzko lehen ikerketa delako. 2023an, menstruazioari buruzko ikerketa batean odola erabili da lehen aldiz. Horrek agerian utzi zuen zientziaren ikuspegi androzentrikoa.
Ikuspegi hori iraultzeko asmoz, 'Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia: paradigma aldaketa baten alde' nazioarteko kongresua egingo dute gaur eta bihar Donostiako Miramar Jauregian. «Aurreikusten genuen aspalditik hainbat politika publiko daudela emakumezkoak zientziara erakartzeko, baina ez dela hori bakarrik; esperientziak erakutsi digu hori ez dela nahikoa, eremu horiek askotan ez direla erosoak emakumeentzat» esan digu Naiara Arrik, Elhuyar Aholkularitzako teknikariak.
Emakumeek zientzian duten presentziari dagokionez, datuak hor ditugu. Batxilergoan, ia proportzio bera dago mutilen eta nesken artean Zientzietako batxilergoan; neskak % 48,8 dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina ondoren, I+Gn lan egiten duten pertsonen artean, soilik % 37,2a dira emakumeak. «Datuez hitz egiten dugunean non jartzen dugu begirada? osasungintzari dagokion arloetan emakumeak gehiengoak dira; arrakalak segregazio bertikalean daude, goi-mailako postuetara ez gara oraindik iristen» dio Arrik.
«Orain arteko programa askoren helburua da emakumeak nola egokitu gaur egun ditugun erakunde horietara, baina agian galdera beste bat da; nola egin ditzakegu erakunde horiek erakargarri emakumeentzat?» hausnartzen du teknikariak.
Ikerketa zentroetako ordezkariek osatutako batzorde zientifiko batek garatu du programa; CFM, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, POLYMAT, Achucarro, Elhuyar, UPV/EHU, Deusto, Ikerbasque eta Emakundeko ordezkariek, hain zuzen ere. «Balioa eman diezaiogun emakumeok jadanik egiten dugun zientziari, ez baita kasualitatea zientziako arlo horiek izatea prekarizatuenak».