IRRATIA

«Etorkizunak argiz betetako ibilbide bat izan behar du, baikortasunetik badagoelako zer egin»

Kutxa Fundazioak antolatuta, Gazte Ekoliderrak formakuntza egingo da azarotik apirilera bitartean. Izena emateko epea zabalik da urriaren 20ra bitartean eta 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da.

This browser does not support the audio element.


Leire Olano Jimenez Gazte Ekoliderrak proiektuko talde gidaria da eta bere hitzetan «egitasmoa, jasangarritasunaren inguruan ikuspegi holistikoa izatea ahalbidetzen duen trebakuntza bat da». Alor teorikoak eta trebakuntza ezberdinak uztartzen dituzte eta gai ezberdinen inguruan adituak diren hizlariek hartzen dute parte. «Sei hilabeteko ibilbide bat eta hilabete bakoitzean ildo bat» Olanok azaldu duen moduan.

Planetaren biziraupenaren eta jasangarritasunaren inguruko fokoa gazteengan jarri izan da azken urteetan eta etorkizuna oso beltz irudikatzeko joera dago. Dena den, joera horri buelta eman behar zaiola dio Olanok. «Badago behar bat errealitatea mahai gainean jartzeko; egia da iluna dela, baina argiz betetako ibilbide bat izan behar du baikortasunetik badagoelako zer egin».

Olanok duela urte batzuk parte hartu zuen Gazte Ekoliderrak egitasmoan eta bertan jasotako formakuntzaren ostean, proiektuan bertan jarraitu du lanean. Aitortu du parte hartzaile batzuk beraien sektoreetan jarraitzen dutela lanean baina badirela, formakuntzaren ostean bide horretatik jarraitzeko hautua egiten dutenak ere. Bere esperientziaren inguruan «barruan sartzen den eta hitz abstraktuek zentzu bat hartzen duten ibilbide bat izan daitekeela» adierazi du.

Entzun Leire Olano Jimenezekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.