ASIER BERAMENDI: «Ikasi dut berriz gauzak lasaitasunetik disfrutatzen»
Eraul proiektuarekin ezagutu genuen Asier Beramendi, baina eraldatuta etorri da gurera. Bakarlari gisa, gitarra hartuta, elkarrizketa akustikoa eskaini digu Bigarren Kafean.
This browser does not support the audio element.
Bidean galdutako ilusio eta berreskuratze prozesuaz aritu gara Asier Beramendi musikariarekin. «Askotan intentzio onez betea dagoen jendeak mina ere ematen dio elkarri, eta dinamika mingarriak sortu ziren eta babesleku zenak utzi zion hori izateari, geroztik pixkat ibili naiz ilusio eta babesleku hori aurkitu nahian». Aspalditik izan du babesgune musika Asierrek, eta terapia horren jatorriaz galdetu diogu. «Burura datorkidan pentsamendua karreran izan nuen aldaketa da, gaztetan emozioekin loturiko hainbat kontu nituen, eta hauei aurre egiteko aldaketa bat hasi nuen, asko idazten hasi nintzen eta horrek irreberentzia puntu bat zuen, ez nuen nire burua ikusi halako gaitasun batekin, sormen hortan aurkitu nuen sentiberatasunak harritu ninduen».
Sortzearen prozesuaz maiteminduta abiatu zen Asier kanta batzuk egitera. «Nere minak hobeto ulertu eta askatzeko balio izan dit sormenak, minetik sortu arren beste esanahi bat eduki dezake, eta hori izugarri ederra da». Baina bide pertsonalean inguru edo kontextu bat ere badago. Atrezzoaz ere aritu gara, sortzailearen bidea bere baitan hartzen duen munduaz eta inguruaz, baita horren ondorio emozionalez ere. «Nire ustez ikuskizunak pisu handia du gaur egungo gizartean, danak behar du entretenigarria izan, eta nire kasuan galdu nuen sortzeko prozesuaren intimitate hori, eta tamalez momentu batzuetan bizi izan dut prozesu guztia ikuskizun balitz bezala, nire ezinegona ikuskizun bihurtu zen».
Inguruan duen jendea eta harremanaren garrantziaz aritu gara, baita gure buruarekin izan ohi dugun harremanaz, «Onartu dut gauza asko ez ditudala ondo egin, eta nire buruari barkatu diot». Bidea profesionalizatzearen auto-presioak eragindako egoerak dira hauek, Asierrek bere baitan bizi izan dituenak. «Argi nuen ez nuela ogibide bihurtzearen helburuarekin egin nahi, bizimodu bat da, jendearekin eta munduarekin harremantzeko modu bat, ikasi dut berriz gauzak lasaitasunetik disfrutatzen».