Suaren horia doinu eginda
Aitor Etxebarria konposatzaileak 'El cuerpo en llamas' telesailari soinu banda jarri dio. Paraleloan izan da kritika eta ikus-entzuleen goratzea jaso duen lanaz solasean.
This browser does not support the audio element.
Badakizu bero dagoela, kiskaltzeraino, ukitu gabe, eskua zentimetro batzuetara dagoela jada iristen zaizu errea zure azalera.
Ezagun duzu bere usaina, mina baina gozoa...eta usainarekin batera datorkizu zaporea ere, eztarrian iltzatzen zaizu, zapore hori, bakarra, errea beroa, mina eta gozoa dena aldi berean baina ze doinu du? Zer doinu du sutan dagoen gorputzak?
Aitor Etxebarriak, suaren koloreen gama hartu du oinarritzat 'El Cuerpo en llamas' Netflixen estreinatu berri den telesailari soinu banda jartzeko, eta aitortu digu horitik gehiago jo duela gorritik baino.
Serieak Jorge Torregrossa & Laura Mañá ditu zuzendari, eta aktore lanetan Úrsula Corberó, Quim Gutiérrez, José Manuel Poga, Isak Férriz eta Eva Llorach ikus ditzakegu bertan besteak beste. Telesailak eta soinu bandak, biek ala biek sekulako kritikak jaso dituzte ikusle bai prentsa adituaren ahotik. Sekretua, osagaietan dago Etxebarriaren esanetan, primerako lehengaiak dituelako: punta-puntako lantaldea hasieratik bukaeraraino.
Gertaera erreal batean inspiratua, baina ez oinarritua, Bartzelonan gertatutako gertakari bat du oinarri telesailak, gero fikziora jotzen badu ere. Soinu bandari dagokionez, behin filmaketa lanak hasita, irudien gainean lan egin ohi dute konposatzaile gehienek. Ez da hori ordea Aitor Etxebarriaren jarduteko modua, gidoitik bertatik hasten da konposizio lanetan, eta etengabe elkarlanean aritzen da beste arte diziplina guztiekin, guztiak linkatuta, lotuta egotea, ezinbestekoa baita musikari gernikarrarentzat emaitza on bat lortzeko.
Ohikoan pianoa eta sintetizadoreak, edota ensemble txikiak, hiruzpalau musikariz osatutakoak erabili ohi ditu Etxebarriak bere konposaketak jazteko. Kasu honetan ordea, orkestrazio osoak ere gin ditu zenbait melodiarentzako, gidoiak hala eskatzen ziolako hasiera-hasieratik. Aipatzekoak baita ere kolaborazioak, Xabi Zereberio edota Irene Prieto besteak beste.
Soinu bandak egiten eroso sentitzen da Aitor Etxebarria, eta azken urteetan horretara bideratu du bere jardun nagusia: bereak dira, besteak beste , Ondar ahoak edota Intimidad telesailen soinu banda, eta baita urrian estreinatuko den Mentiras pasajeras, Almodobarren ekoitetxeak, El deseok, ekoitziko duen lehen telesaileko soinu banda ere.