Lanetik Lekora, euskararen erabilera sustatzeko ekimena
Lanetik atera eta euskaraz modu informalean aritzeko gune bat izatea. Hori du oinarrian Aitor Albizua, Isaak Elduaien eta Pierre Bastres sustatzaile dituen Lanetik Lekora ekimenak. Hilaren 7an Kanbon egin zuten lehen topaketa eta jaso zuten erantzunarekin «gustura» geratu zirela esan digu Albizuak.
This browser does not support the audio element.
Euskaraz dakien jende asko somatzen dute inguruan antolatzaileek baina egunerokotasunean erabiltzeko aukerarik ez dute kasu askotan. Horren aurrean, euskaraz egin ahal izateko espazio bat sortzeko hautua egin dute. Eremu informalean erabiltzen hastea lehen urratsa izan daiteke, ondoren eremu profesionalean erabiltzen hasteko ere.
Alor profesional ezberdinetan diharduten 20 bat lagun elkartu ziren Kanboko lehen saioan eta aniztasun horrek sare bat sortzen lagundu dezakeela uste dute, esperientzia ezberdinak elkarbanatzearen ondorioz.
Aurrera begira ekimena zabaltzen joateko intentzioa dute antolatzaileek. Bigarren saio bat prestatzen ari dira eta gauzak espero bezala ateratzen badira, Donibane Garazin egiteko asmoa dute. Kanbon euskararen indargune dela aitortu dute eta hortik ateratzeko ahalegina egiteko prest daude. Aldi berean, egitasmora kide berriak batzeko erronka ere badute eta interesatuei hurrengo hitzorduetara agertzeko gonbita luzatu diete.
Entzun Aitor Albizuarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.